Paisaia gainean zooma jarrita
Kutxak Gabonetarako argitaratu duen ‘Plein Air’ liburuak bere funtseko arte lanak hartu ditu ardatz; egutegiak, berriz, Balentziagaren jantziak
Batez ere, Kutxaren arte funtsak miatu ditu Nekane Aranburuk Plein Air (Atari zabalean) liburua osatzeko. Paisaiaren inguruko hausnarketa egiteko balio du argitalpenak, eta, noski, baita irudi eder horiek gozatzeko ere. Argitalpenarekin batera 2012 urteko egutegia ere aurkeztu du finantza erakundeak.
Gipuzkoako eta Donostiako Aurrezki Kutxak urtero argitaratzen duen liburu handiak Plein Air izena izango du aurten. Nekane Aranburu arte aditua da eta bere egilea eta paisaia hartu du ardatz.
Artelanetan azaltzen den «paisaiaren ikerketa kritikoa» egin duela aitortu zuen aurkezpenean. Liburuan agertzen diren irudi bilduma osatzeko Kutxak dituen funtsetan egin du bilaketa. Hala, Doctor Camino liburutegian, Fototekan, eta erakundearen biltegietan aurkitu ditu irudiak.
Aranburuk adierazi duenez, «Zoom moduan egin dut, orokorretik gertuko paisaietara». Paisaia era zabalean jorratu du egileak. Hori dela-eta, Camino liburutegian aurkitutako Ptolomeoren mundu mapa, Jesus Mari Lazkanoren ¿Hemos perdido el horizonte? margolana eta lerro hauek laguntzen dituen Dujardinen Donostiako badiaren argazkia ikus daitezke, beste ehunka ikuspegiekin batera.
Egutegiaren banatzea
Aurkezpen ekitaldi berean aurten bezeroei banatuko dizkien egutegia erakutsi zuten. Manuel Outumuro argazkilariak Kutxa Boulevard aretorako prestaturiko Balentziaga argian eta sakonean erakusketa izango du ardatz .
Kutxaren arduradunek jakinarazi zutenez, gaur bertan hasiko dira banatzen egutegiak. Guztira 442.000 ale izango dira, hormakoak, poltsikokoak eta mahai gainekoak.



