Presoen lanek abendua iragartzen dute
Loiola kultur etxeko erakustaretoak ‘Donostia… barrutik’ erakusketaren aurtengo edizioa dauka ikusgai; joan den hilabeteko euriteak eragina izan duen arren, ikusgai dauden objektuak eta artelanak ohi bezain koloretsuak dira.
Urtea bukatzen ari den zantzu batzuk urtero errepikatzen dira hirian. Horietako bat da Loiola kultur etxean antolatu ohi den Donostia… barrutik erakusketa. Martuteneko espetxeko presoek egindako lanak izango dira erakustaretoaren hormak beteko dituztenak, abenduaren 16a arte.
Nahiz eta Loiola kultur etxearen urteroko gonbidatuak diren, presoen lanek itxura ezberdina izaten dute urtetik urtera. Gizarteratzeko eta Biktimenganako Zerbitzuaren Euskal Institutuko –Iresgi – hezitzaile Ana Marinek dioenez, hori gertatzen da egileak aldatzen joaten direlako «eta bakoitzak bere izaera ematen» dielako egindako gauzei. Hala ere, ohi bezain koloretsuak dira.
Abenduaren 16an bukatuko da erakusketa. Loiolan ikus daitezken gauzetako gehienak presoen familien etxeetara «Gabonetako opari gisa joango dira»
Garbitu, eta berriro lanera
Kartel iragarleak ematen dio ongietorria bisitariari. Erakusketa aretoaren hormen ondoan mahaiak daude buztinez, egurrez eta larruz egindako objektuek beteta; paretetan, ordea, margolanak zintzilik.
Gelaren erdialdean, berriz, mahaia eta aulkiak daude. Kultur etxeko arduradunek azadu dutenez, «hau ez da ohikoa, baina uholdeek eragindako kontua da. Etxarrieneko ikastaroak-eta hemen eman behar ditugu».
Erakusketa aretoan ez ezik, erakusgai dauden gauzetan ere eragina izan dute azkeneko euriteek. Marinek jakinarazi duenez, «uholdeek erakusteko prest genuen material asko hondatu zuten». Lantegietara ere sartu zen ura, «astebete behar izan genuen dena berriro txukuntzeko, baina bigarren asterako lanean ari ginen berriro». Izan ere, eskulan tailer hauek Arterapia izeneko programaren barrukoak direlako, hau da, presoen ongizatera begirakoak.



