Baratzetik oilategira, begirale artean
Zortzi bat urte daramatza Pausoak programak adimen urritasuna dutenei landa giroko aukera okupazional bat eskaintzen Kutxaren Ekogunean, Zabalegi baserrian.
Donostia aldeko hainbat txokotatik iristen dira goizero Pausoak programako partaideak Donostiako Zabalegi baserriaren lurretara. Ordurako zain dauzkate lau begiraleak eta Izaskun Osa arduraduna. Lantegi okupazional bat da, Kutxa Ekogunearen inguruan egoitza duena. Goienetxe fundazioak kudeatzen du programa, 2003. urtetik, eta berezitasuna du nekazaritza jardueretan jartzen duela arreta.
Osak nabarmendu duenez, adimen urritasuna duten pertsonekin lan egiten dute programa honetan, baina partaide eta kide hitzak darabiltzate haiek izendatzeko. «Haiek gabe honek ez luke funtzionatuko; ez dira zerbitzuaren erabiltzaile hutsak. Haiek egindako lanak eusten dio honi guztiari egunero». Baratzeak, berotegiak, oilategiak eta produktuak sailkatzeko, apaintzeko zein kontserbak egiteko guneak osatzen dute Pausoak.
Pausoak ez da hezkuntza zentro bat, nahiz eta partaideek gauzak ikasten dituzten bertan. «Hau lanbide programa bat da», zehaztu du Osak. Bertako kideak 21 eta 62 urte artekoak dira, eta nork bere gaitasun eta autonomia du. Nekazaritzako girotik kanpokoak dira parte hartzaile gehienak. Baina baserritarren bat edo beste badago tartean; Lontxo, esate baterako.
Pausoak barruan sartzeko garaian, parte hartzaileek eta haien familiek egindako ekarpenak aintzat hartzen dituen plan egokitu bat osatzen dute arduradunek, kideek ikasi edo jorratu nahi dituztenak ahaztu gabe.
Bakoitzaren nolakotasunak kontuan hartuta, begirale bana duten lau multzotan zatitzen dute taldea. Lan egun guztietan, laneko arropak jantzi, eta 09:30rako eguneko lehen eginkizunean hasiak dira. Batzuk, berotegiko eta baratzeetako eginkizunetara; beste batzuk, oilategiari kontu egitera zein egindako kontserben etiketak eta antzekoak prestatzera.
11:00ak jotzen dutenean une giltzarria iristen da Pausoak programako kide eta begiraleentzat. «Hamaiketakoa egiteko ordua ezin hutsik egin; tarte sakratua da hori», Osak ia barrez dioenez.
Geldiune sakratuaren ondoren, lantaldeek eginkizuna aldatzen dute, eta gauza bera egiten dute bazkalondoan. Guztira, ordu eta erdiko hiru txanda egiten dituztela. Bazkaldu eta gero, taldeetako batek jangela txukuntzea du egitekoa.
Duela pare bat hilabete inauguratu zuten berotegiak lan handiagoa ematen du, baina aukera ekarri die eguraldiak askorik laguntzen ez duenean ere jarduteko. «Sailkatze eta prestatze lanak oso onak dira guretzat», azaldu du arduradunak. Azpiegitura berriarekin uzta luzatu egiten da, eta hori ere oso ondo etorri zaie.
Baina baratze eta oilategiko lanak baino gehiago egiten dituzte Pausoak-eko kideek. Ordenagailuekin hainbat informazio bilatu eta informatikaren erabilgarritasuna ere ezagutzen dute. Antzekoa gertatzen da adierazpide artistikoarekin, etiketak eta banatzen dituzten otarreen karteltxoak haiek egiten baitituzte, banan-banan.
Komunitatea eta Ekogunea
Lau begirale, arduradun bat eta, une honetan, 39 parte hartzaile dira Pausoak programan. Baina haren komunitatea zabalagoa da, azkeneko horien guraso eta familiek parte hartzen dutelako proiektuaren definizioan. Eta are gehiago zabaltzen da komunitatea Ekogunean lan egiten dutenekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen eta gainbegiratzen du proiektua, bestalde.
Kideek, egindako lan okupazionalaren onurak jasotzeaz gain, emaitza ukigarriak ere ikusten dituzte, astero-astero, otarre bana eramaten baitute etxera. Kutxa Ekoguneko langileak ere bezero dituzte, bertako kudeatzaile Anabel Lazkanok dioenez.
Horrez gain, Kutxa Ekogunearen eta Pausoak programaren arteko lotura estua da, zortzi urtez ondutakoa. «Ekogunea ez da babeslea: Pausoak proiektuaren beraren parte da». Etorkizunean ere hala izango dela adierazi du Lazkanok. «Kutxa Ekogunea izango denaren lorezaintza haiek egitea espero dugu». Asmo horrek bat egiten du, gainera, programaren arduradunen nahiekin, eta aurrera begira jartzen ditu.



