Atlantikoaren bestaldetik
Euskadiko Orkestrak Pedro Sanjuan donostiarrari eskaini dio Euskal Konpositoreen Bildumako hamabosgarren zenbakia. Miramongo egoitzan grabatu zuten iaz.
Manuel de Falla eta Joaquin Turinarekin tratatu zuen hainbatik hainbatean. Kuban eta AEBn igaro zuen bere bizitzako denboraldi luzeena. Pedro Sanjuan konpositore donostiarra (1886-1976) da Euskadiko Orkestraren Euskal Konpositore Bildumaren protagonista berria. Haren konposizioen «kalitatea» azpimarratu dute Euskadiko Orkestrako zuzendari orokorrak, Iñigo Alberdik; eta musika zuzendariak, Andres Orozco-Estradak.
Diskoak bi pieza jaso ditu. Batetik, Castilla eta haren hiru zatiak: Panorama, En la llanura etaCantos de Trilla. Eta bestetik, Liturgia negra, eta haren Chango, Iniciacion, Babaluaye, Canto a Oggun eta Comparsa Lucumi zatiak. Iaz grabatu zuen Orkestrak, irailaren 13a eta 17a bitartean, Miramongo egoitzan.
Argitalpen honekin batera Jorge de Persia kritiko eta ikertzailearen liburuxka plazaratu dute: Urruneko oihartzunak. Izan ere, disko honek Atlantikoaren beste aldetik heldu diren obren oihartzunen erregistroa izan nahi du.
Pedro Sanjuanek solfeoa eta biolina ikasi zuen gaztetan, Perez Casas eta Turinarekin. Madrilgo Orkestra Sinfonikoko kide bihurtu, eta lehen biolin jotzaile izatea lortu zuen berehala. Musika ikasketetan aurrera egiteko Parisera joan zen; Vincent d’Indy-ren Schola Cantorumera.
Madrilera itzulita, bere ibilia orkestra zuzendaritzaren alorrean garatzea erabaki zuen. Madrilgo Orkestra Sinfonikoa eta Filarmonikoa zuzendu zituen. Hainbat musika obra estreinatu zituen bertako musikariekin, eta konpositore gisa ere ezaguna egin zen.
1923an Kubara joan zen, eta denboraldi luzeak eman zituen bertan. Karibeko irlako musika kolonialak zein afroamerikarrak eragin handia izan zuen Sanjuanengan. Habanako Orkestra Filarmonikoa sortu zuen, eta hamar urtez ibili zen zuzendari lanetan. Zuzendari izateaz gain, herrialdearen musika errepertorioa ikasi eta aztertu zuen. Bertan idatzitako lanetan Kubako erritu eta melodia beltzak ere jaso zituen. Kuban bertako musikaren bultzatzaile izan zen, eta konpositore handien eskola sortu zuen. Askok irlako musikaren mugimenduaren sortzailetzat jo dute; eta kubatar egileek musiak garaikidearen sorrera hark sustatu zuela uste dute, hark sortu baitzuen Orkestra Filarmonikoa.
Kuban bertan idatzi zituen haren obra esanguratsuenak. Liturgia negra, besteak beste. Hain zuzen, Espainiako Musika Saria eskuratu zuen konposizio hari esker.
1936ko gerra hasi zenean Sanjuan Parisen zen. Errepublikaren aldekoa zen musikaria, eta erbestera joan behar izan zuen, AEBetara. Kalifornian bizi izan zen, hil arte. Musika irakaskuntza izan zuen ogibide Estatu Batuetan. Orkestra garrantzitsuenak zuzendu eta hainbat unibertsitatetan eskolak eman zituen.
Euskadiko Orkestrak haren biloba Pilarren eskertza jaso du diskoaren argitalpenaren harira: «Oso pozik gaude, nire aitonaren obraren aitormenez egindako bilduma delako. Orain jende askok entzun ahal izango du hark utzitako obra, baita belaunaldi berri batek ere bai. Ni eta nire ahizpak aitonarekin hazi ginen. Gauza ederrak irakatsi zizkigun, musika irakurtzen eta idazten, besteak beste». Pilar Sanjuanek bere musika galzorian zela uste zuen, eta esker ona azaldu zio Orkestrari, «CD honek bera izan zenaren zati bat betiko gordeko duelako» eta, hein batean, «berpiztu egin duelako».
Ondare sinfonikoa
Orozco-Estrada izan da bilduma honen musika zuzendaria. 2005ean Cristian Mandealek Aita Madinari eskainitako bilduma zuzendu zuen; eta Gilbert Vargak Maurice Ravel-en ingurukoa, 2001. urtean. Grabaketak zuzendari titularrek Orkestrarekin batera egindako lanaren testigantza iraunkor bilakatu dira.
Euskal Konpositoreen Bildumako hamalaugarren zenbakia da Sanjuani eskainitakoa. Euskadiko Orkestrak 1997an kaleratu zuen lehena: Jesus Guridiren obrari buruzkoa. Claves diskoetxeak argitaratu ditu zenbaki guztiak. Hainbat egile donostiarren obra jaso du bilduma honetan: Jose Maria Usandizaga (1887-1915), Francisco Escudero (1913-2002), Pablo Sorozabal (1897-1988) eta Aita Donostia (1886-1956), tartean.
Ia ezezagunak diren euskal konpositoreak «ostrazismotik atera eta gure herri musikaren izen klasikoen bilduman gordetzea» du helburu Euskadiko Orkestrak. Galzorian dauden obrak erregistratu eta ondare sinfonikoa gorde eta babesteko asmoz sortu zuen, hain zuzen ere, bilduma.
Hurrengo urtean plazaratuko dute azken zenbakia. Carmelo Bernaola konpositore bizkaitarraren obra jasoko dute hamabosgarrenean; eta Juanjo Menak zuzenduko du Orkestraren lana. Zuzendari gasteiztarra Bernaolaren ikasle izan zen, eta egun BBCren Orkestra Filarmonikoaren zuzendari titularra da.