Laguntza faltak behartuta
Bosniako eta Herzegovinako gerrak eraman zuten donostiar eta gipuzkoar talde bat SOS Balkanes sortzera; 19 urte geroago, gatazkaren ondorioak erabat konpondu gabe daudenean utzi egin behar izan du bere jarduna.
Erlijioaren aitzakia erabilita:
Serbiak eta Kroaziak erlijioaren eta kulturaren izenean zatitu nahi izan zuten Bosnia eta Herzegovina
Bosnia eta Herzegovina da Balkanetako estatu honen izena, hala ere, Bosnia ere erabil daiteke izen gisa. 1992 eta 1995 urteen artean izandako gerraren ondoren, eta Daytonako Akordioari (AEB) jarraiki, bi zati konfederatuk osatzen dute; batetik, izen antzekoa duen Bosnia eta Herzegovinako Federazioa –Kroaziar-Musulman Federazioa izendapenaz ere ezagutzen dena–; bestetik, Bosniako Serbiar Errepublika –ez Serbiarekin nahasi–.
Bosnia eta Herzegovina Jugoslavia ohia osatzen zuten sei errepubliketako bat izan zen, eta bertan hiru kultur eta erlijio jatorriko biztanleak bizi ziren. Bosniakoak jatorri musulmaneko bosniarrak dira. Bosnio-kroaziarrak, berriz, kroaziar kulturakoak dira eta erlijio katolikodunak. Azkenik, serbo-bosniarrak daude, hauek serbiarrek bezala erlijio hortodoxokoak.
Bosnia eta Herzegovinako Errepublika Sozialista Jugoslavia ohiako jugoslaviarrena izatearen ospea zeukan, eta bertan erlijio ezberdinen jarraitzaileak zein jainkogabekoak elkarrekin bizi ziren. Bosnia barruko hainbat herritan jatorri bateko edo bestekoak gehiengoa izan zitezkeen arren, herri hauek sakabanaturik zeuden lurraldean, eta populazioa eta lurraldea ez zeuden erlijioaren arabera banatuta.
1992 urtean egindako erreferendumean independentzia aldarrikatu zuten bosniarrek; baina, serbo-bosniarrak honen aurka azaldu ziren bere nahia Serbiarekin bat egitea zelako, Serbia Handia izeneko ideiaren barruan.
Serbo-bosniarrek eraso militarrari ekin zioten eta gerraren lehen urteetan Bosniaren %70 eskuratu zuten. Kroaziarrak ere saiatu ziren Bosnia eta Herzegovinaren zati bat bereganatzen, bosnio-kroaziarrei laguntza ematearen aitzakiarekin.
Serbo-bosniarrek lurraldearen zatirik handiena mendean hartu zutenean genozidioa egin zuten, batez ere jatorri musulmaneko populazioaren kontra.
Hasi berri den gatazka armatua Jugoslavia ohian egiten ari ziren guduetako bat zen. Izan ere, Kroazian ere borrrokan ari baitziren une horretan serbiarrak eta kroaziarrak. Gutxi geroago gertatuko ziren Kosoboko gerra, Mazedoniakoa eta Serbiaren hegoaldekoa. Hauetako askotan ere genozidio salaketak izan dira kroaziar zein serbiarren aurka.
NATOren bonbardaketek serbiarren jarrera aldarazi zuten 1995ean eta Daytoneko Akordioan parte hartzeko presionatu zituzten, Bosniako gerra bukatuz.
Eider Etxeberria Mendizabal: SOS Balkanes
«Orain da une kritikoa, eta pena elkarteak orain gelditu behar izatea»
Eider Etxeberria Mendizabal (Usurbil, 1985), SOS Balkanes elkarteari esker 2003an joan zen lehen aldiz Gorazdera, han ikusitakoak liluratu eta urtero joan da geroztik Bosnia Herzegovinako hirira. Gazteei zuzendutako bidaiak, baina ez beraiei murriztuta, antolatu ditu SOS Balkanesek 2000 urtetik. Aurreiritzien arrazoi falta eta gerraren ondorioak bertatik bertara ezagutzeko aukera eman die elkarteak Donostiar eta gipuzkoar askori, tartean Etxeberriari.
Gazteekin egindako lehen bidaietako batean joan zinen Gorazdera.
Lehenengo aldiz 2002an joan nintzen, eta ordutik urtero itzuli naiz.
Nola gogoratzen duzu lehen bidaia?
Honekin zenbateko antza zuen harritu ninduen, eta gero, noski, tiro zuloak eta gerraren gainontzeko aztarnak ikusteak. Bestalde, hiriak berak harritu ninduen. Donostiakoen antza zuten, ordurako, eraikin modernoak. Hemendik eramandako Hirugarren Mundukoa izatearen aurreiritziarekin bat ez zetozenak. Soldadu asko ikusten ziren kalean; nik neuk bala bat aurkitu nuen lurrean.
Eta jendea?
Hori da gehien gustatu zitzaidana, eta itzultzen jarraitu badut jendeagatik izan da, beraiekin izandako tratuagatik izan da. Izugarrizko harrera egin ziguten. Oso atseginak ziren eta beti onena ematen ziguten. Beraien etxeetara iritsi, familien etxeetara joaten ginen, eta beti tokirik onena uzten ziguten. Kaletik ere, jendeak ea nongoak ginen galdetzen ziguten.
Joan zinen lehen eta azken urte artean aldea egongo zen, ezta?
Paisaian bertan izugarrizko aldea ikusi da, eraikinak gero eta hobeto zeuden. Eta jendearengan ere asko nabaritu da. Hasieran oso irekia zeudela esan dut lehen, baina ez gerraren gaiarekin, nahikoa tabu zen. Azkeneko bidaietan ikusi dut beraiek gaia ateratzen zutela, prest zeudela gerraz hitz egiteko.
SOS Balkanesek, batez ere, Bosniako musulmanekin izan du harremana. Nolakoa da komunitate hori?
Hori ez da beraiek gehien definitzen dituen ezaugarria. Ni neu hara iritsi nintzen lehen aldia ez nintzen horrekin konturatu hemendik eramandako oparia eman arte: txorizoa. Eskerrak eman baina uko egin zioten, eta orduan konturatu nintzen. Beraiek esaten dutenez, gerra baino lehenago denak elkarrekin bizi eta denek denen jaiak ospatzen zituztela. Islam irekia da han ikusitakoa. Beraiek etorri direnean ere, hau asko gustatzeaz gain, beraiek izan zitzaketen hainbat aurreiritzi desegiteko balio izan die.
SOS Balkanesek bere jarduna bertan behera utziko du.
Bada, pena da. Orain da une kritikoa, eta pena da elkarteak orain gelditu behar izatea. Ekonomiaren krisia han ere ari da nabaritzen, eta gerrako traumak orain ari dira azaleratzen. Orain dago jendea prest horiei aurre egiteko, eta guk SOS Balkanesetik laguntzen genuen terapia etxe bat, agian, laguntzarik gabe geldituko da. Baina, bestetik dagokion zerbait da; hainbat kasutan han laguntzara ohitu dira. Eta batzuek beraien burua mugitzen hasi beharko lukete.
Azken bizitza astean sartu da SOS Balkanes elkartea. 19 urteko ibilbideari agur esango dio larunbatean, abenduaren 10ean egingo duten ekitaldian. Lan asko osatuta, baina egiteko handiak gelditzen direla, «nekea eta indar faltagatik» bukatuko du bere jarduna. Donostiar askoren mapan Bosnia Herzegovina jarri duen elkarteak elkartasuna, kontzientziatzea, malkoak eta lagunak ezagutu ditu.
Duela aste batzuk iragarri zuten SOS Balkanes elkarteko arduradunek bere desegitea. Baina, oharkabean eta isilean joan beharrean, bere jardunaren aldarrikatzea eta, are garrantzitsuagoa, bere egitekoaren arrazoiak azalduz esango du agur. Horretarako antolatu zuen igandea arte Aiete kultur etxean ikusi ahal izango den Herioaren jana. Bosnia-Herzegovina gure miran erakusketa, honen inguruko hitzaldi sorta eta datorren larunbateko festa. Solasaldietako azkena ostiralean egingo dute Identifika zaitez izenburuarekin. Hizlariak Gorazdeko gazteak izango dira eta, antolatzaileek esan dutenez, «identitatearen inguruan hitz egingo dute; funtsezko gaia, gerran eta estatuaren egungo diseinuan».
Bakearen Etxean izango da
larunbateko lehen ekitaldia, 12:00etan, Oroimenerako eskubidea / oroitzeko betebeharra ekitaldian gerra garaian Gorazden hil ziren haurrak gogoratzeko ekimena. 19:30ean, berriz, Easo Abesbatzaren egoitzan egingo dute agur festa. SOS Balkaneseko arduradunek 19 urteetan laguntzaile izan dituzten pertsona guztiei deia egin diete, bertan elkartzeko.
Ekitaldiak Balkanetako musika eta hizlariak entzuteko parada emango die bertaratzen direnei eta SOS Balkanesekin aritutakoei egindakoaren errepasoa egitekoa.
Gerra dela ezin sinetsi
Jugoslavia ohiaren desegitean Balkanetan piztutako gerra, eta honen ondoriozko sarraskiak daude SOS Balkanesen jatorrian. Irene Cormenzanak dioenez, «gerraren ankerkeriari eta botere politikoaren pasibotasunari erantzuteko sortu genuen». Garai horretan, hiru alorretan jarduten zuen taldeak, laguntza materiala, presio politikoa eta gertakarien azterketa.
Bosnia Herzegovinan piztutako konflikto korapilatsuan SOS Balkanesek alderdi baten alde egitea erabaki zuen. Ez, ordea, beraien interesen alde; baizik eta giza eskubideen alde. Cormenzanak gogora dakarrenaren arabera, «gu ez geunden Serbia eta Kroaziaren aurka; bereziki, Bosniako musulmanek pairatzen zituzten eskubideen urraketen aurka geunden gu».
Laguntza ahalik eta hobekien emateko asmoz eta egoera gertutik ezagutzeko beharrari erantzunez, SOS Balkanesek Split-en (Kroazia) ireki zuen bulegotxoa. Bertatik bideratzen hasi zen Donostian eta beste hainbat herritan bildutako laguntza. Cormenzanaren arabera, «modu horretan Kroaziara iristen ziren Bosniako errefuxiatuen egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera geneukan».
Arduradunek gogora ekartzen dutenez, gerra garaia izanik ia ezinezkoa zen ezer hara helaraztea garraio komertzialaren bidez. Horren ondorioz, «Iparraldeko SOS Balkanesekin, eta Pariseko beste elkarte batekin, kamioia erostea erabaki genuen, eta horrela Bosniara bertara sar gintezken». Horrek ziurtatu zuen laguntza beharrezko tokietara iristea, eta baita bidalitako baliabideen erabilera zuzena egiten zelaziurtatu ahal izatea.
Gerrak iraun zuen bitartean lan asko izan zuen SOS Balkanesek, baina, gizartearen erantzun onak lagundu zien, nahiz eta politikarien orduko utzikeria gogor kritikatu duten.
Gerra ondoko proiektuak
Elkarteak 1995ean nabaritu zuen aldaketa. Urte horren bukaeran Daytonako (AEB) Akordioa sinatu zuten. Gerra amaitutzat eman zuten komunikabideek. Egiteko lan asko zegoen, baina gaia hedabideetatik desagertu zen. Horren ondorioz, «jendea ahazten hasi zen, eta gainera komunikabideek esaten zuten gutxia ez zen erreala, gauzak ez ziren konpondu». Gerra ondoa hasi zen. «Zaila da hau esatea, baina nolazpait gerra ondoa gerra bera baino zailagoa da; bonbarik ez da, baina bakardadea handiagoa da».
Egoera honetan, SOS Balkanesek analisiaren eta kontzientziazioaren ardatzari garrantzi handiagoa ematen hasi zen. Besteak beste, gerra bukatu eta 5 urtera, hemengo gazteek Gorazde (Bosnia eta Herzegovina) eta bere herritarrak ezagutzeko bidaiak antolatzen hasi zen. Asko dira, horietan parte hartu duten donostiarrak eta, ondorioz, hango egoera ezagutzeko aukera izan dutenak.
Gerra garaian bezala, gerra ondoan ere, Gorazde izan zen SOS Balkanes-en ekimenen jomuga. Bakarra ez izan arren, bertan gauzatu zituzten hainbat proiektu xume bezain garrantzitsu eta unean uneko beharretara egokituta. Lehen urteetan negutegien osatzea eta premiazko azpiegituren berreraikitzea bultzatu zituen Donostian egoitza izan duen elkarteak. Alor honetan nabarmentzekoa da Gorazdeko Plavi Cvjiet (Lore Urdina) parkea, 2010ean inauguratutakoa.
Horiek bezain garrantzitsuak dira gerrako gertakarien oroimenaren inguru gauzaturiko proiektuak. Besteak beste, Zena Zrtva Rata (Gerraren emakume-biktima) izeneko proiektua. Gogoratu behar da Bosniako emakume musulmanak bortxatzea serbo-bosniarren estrategiaren parte izan zela.
Bide honetan jorratzeko gauza asko gelditzen dela dio Cormenzanak, baina, gerra bukatu zenetik, izandako baliabide eta laguntzaileen urritzeak SOS Balkanes gelditzea ekarri dute, «nekea eta indar faltagatik».