"Uste dugu Donostian bigarren mailako biztanleak garela"
Manex Ralla eta Idurre Lopez: Altza Garako kideak
Udalak Altzari barruti izendapena eman nahi dioenez, erabakitze eskubidea lortzeko borrokatu nahi du Altza Gara herri ekimenak, eta pausoz pauso berriro ere independente izatera iritsi.
Altza izeneko lurraldea 1939 urtea arte independentea izan zen. Altzako eta Donostiako Udaletako zinegotzien adostasunez, ordea, Donostiarekin anexionatu zen. «Ordutik, Altza Donostiako gainontzeko auzoen mailan egon da, bere lurraldea hirigintza eta presio sozialen menpe egon da, aldaketa latzak jasanez bere itxuran, garapenean eta egitura sozialetan», diote Altza Garako kideek. Bateratze hartatik urte asko igaro dira, baina Altzan oraindik iragan «burujabe» horren «oroimen kolektiboa» badela diote. Hala, Altzaren aurrekari eta ondorioak kontuan izateko eskatu diote Udalari. Manex Rallak eta Idurre Lopezek zehatzago azaldu diote euren nahia Irutxuloko Hitzari.
Zein da zehazki Altza Gara ekimenaren eskaera, eta zergatik erabaki duzue orain egitea?
Manex Ralla: Donostiako udalbatzak Altzan distrito edo barrutia sortzeko komisio bat eratzeko erabakia hartu berri du. Gu Altzatarrak garen aldetik, esan nahi genuen zein den gure iritzia horren aurrean. Horregatik bildu gara, barrutiak Altzaren beharrei erantzun behar diela uste dugulako. Eta ez, Donostiatik esatea, Altza sekula ezagutu ez dutenek zer egin behar duten bertan. Altzatarrek barrutiaren eratze horretan parte hartzea nahi dugu. Gainera, alderdi politikoetako ordezkariak, auzo elkarteetakoak bezala, altzatarrak izatea nahi dugu.
Hala ere, barrutia sortzea baino zerbait gehiago nahi duzue.
Idurre Lopez: Hori da, barrutia sortzekotan, ez genuke horretan geratu nahi. Barrutia sortu bai, baina Altzaren autodeterminazioa edo Altza herria izateko helburuarekin izatea nahi genuke. Zor historiko bat dio Donostiak Altzari eta hori betetzea nahi dugu. Gainera, anexioa egin zenean, agiri bat idatzi zuten eta bertan aurreikusi zuten berriro ere Altza independente izateko bidea. Guk hori erabili nahi dugu.
Ralla: Anexio agirian agertzen den bezala, Donostiak Altzari autodeterminazio eskubidea onartu behar dio.
Zuen helburua inoiz baino gertuago ikusten duzue? edo nola dago kontua momentu honetan?
Ralla: Bueno, ikusten dugu barrutiaren kontu honekin guztiarekin helburura iristeko bidean seriago lan egin dezakegula. Bitarteko pauso bat da, orain arte Altzak izan ez duen nolabaiteko deszentralizazioa. Erabaki ahalmen gutxi izango du barrutiak, sinbolikoa izango da, baina lanean jartzeko momentua dela iruditzen zaigu.
Zer aldatuko litzateke Altzan helburua lortuz gero? Hau da, lehenengo barrutia izan, eta ondoren, herri izatera iritsiz gero?
Lopez: Uste dugu Donostian bigarren mailako biztanleak garela. Zergak gainontzeko guztiek bezala ordaintzen ditugu, baina ez dugu jasotzen guk ordaindutakoaren erdia ere. Gure azpigiturak oso zaharrak dira, gutxi daude…
Ralla: Haurrentzako parkeak ere ez ditugu, eta ditugunak orain dela 50 urte jarritakoak dira.
Lopez: Donostiarrak izanik, ez gara donostiarrak, bigarren mailako donostiarrak gara. Beti aparte geratzen gara. Udalak Altzan inbertsioa egin behar duela uste dugu, eta barrutiaren bidez, guk gure dirua kudeatzeko aukera izango bagenu, guztia aldatuko litzateke.
Ralla: Berez barrutia ez dago horretarako pentsatua, baina helburua hori da, erabakitze ahalmena izatea. Orain arte, Donostiak uste bazuen Altzak zerbaiten beharra zuela, hala egiten zuen, behin ere Altzaren iritzia entzun gabe. Oso garbi ikusten da hori, adibidez, Auditz Akular proiektuarekin. Aurreko alkate jaunak bereziki Auditz Akularreko proiektua bultzatu zuen, hainbat etxebizitza eraiki behar zirela esanez. Eztabaidan sortu zen eraiki beharreko etxebizitza kopuruaren inguruan. Benetan ez dago erabakitze ahalmenik, eta barrutia hori lortzeko bidea izan daitekeela uste dugu.
Eta orain geldirik dago Auditz Akularreko proiektua, ezta?
Lopez. Eskerrak geratzea lortu dugula, bestela Altzan duela 50 urte gertatu zena gertatuko zen. Sekulako hirigintza astakeria izango litzateke. Azkenean, 3.000 etxebizitza gehiago izango lirateke,eta horrekin15.000 bizilagun gehiago izango ginateke eta 3.000 auto baino gehiago. Hori guztia, azpiegitura berdinekin. Beraz, herriaren itotzea izango litzateke.
Ralla. Gainera, Altzan geratzen den berdegune bakarra horixe da. Eskerrak geratu dela.
Argi duzue zer izango litzatekeen aldatu beharreko lehen gauza?
Ralla. Altzak goitik beherako berrikuntza behar du, zentzu guztietan. Azpiegitura guztiak defezitarioak direla esango nuke, eta berehalako berrikuntza behar duela. Herri osoa aldatu behar dugu, eta bizilagunen ahotsa beharrezkoa da horretarako.
Udaletxean egin dute eskaria: Altza Gara ekimeneko kideek agerraldia egin zuten joan den ostiralean udaletxean. Bertan, Altzak barruti izatea lortzen badu, altzatarrek erabakiak har ditzatela eskatu zuten.
Altza Garak egindako proposamenaren bi eskaerak:
LEHENA: Donostiako Udalbatzak Altzako komunitateari bere herri independente izaera berreskuratzeko eskubidea aitortzen dio, 1939ko azaroaren 11ko anexio agirian aurreikusten den bezala, eskubide hori lege eta araudiaren arabera gauzatuko delarik.
BIGARRENA: Donostiako Udalbatzak onartzen du Altzako ingururako behin behineko organo baten sorrera eta garapenerako batzorde bat eratzea. Organoa beharrezko kudeaketaz hornitzeko, altzatarrek aurreko atalean aitortutako eskubidea egikaritu bitartean.