Realeko neskek ezin izan dute Bartzelonaren bolada ona eten
Bartzelonak ez du zenbaki madarikaturik. Inoiz baino indartsuago ekin diote ligari eta hamahirugarren jardunaldi bete direnean, porrota zer den
ere ez dakite. Realeko jokalariak, dena den, majo saiatu ziren Herrialde Katalanetatik etorritakoen bolada ona zapuzten; esku hutsik geratu ziren, ordea. Argi dago, Xabi Prieto, Messi eta gainontzeko izarrez ez garela ari, haien itzalean dauden neska futbolariez baizik. Gizonezkoak itsutzeko adina distira egiteko telebista eskubideen alde egitea izan beharko lukete borroka nagusi; haiek, ordea, nahiago dute duten indarra zelai gainean erakutsi.
Zubietako Jose Luis Orbegozo zelaian Realak eta Bartzelonak erakutsitako lehia mirestekoa izan zen behintzat. Lehenengo zatian gol bakarra jaso zuten Realeko neskek, eta, bigarren zatian, markagailua txukuntzeko gogor egin bazuten ere, Bartzelonak bere handitasuna erakutsi zuen eta beste hiru gol sartu zituen. Aurreko partidan, blaugranek zortzi gol sartu zizkieten valentziarrei. Denera, 4 gol jaso eta 50 egin dituzte denboraldi honetan. Txuri-urdinek, beraz, ez dute zertan hondoa jo.
0-4koarekin, hala ere, Realekoek ez zuten amore eman, ezta Zubietara hurbildutako zaleek ere. Txaloak, kantak eta oihuak inoiz baino indar handiagoarekin entzun ziren, eguraldi on eta jai-egunarekin batera, askok egin zutelako goiz pasa Zubietan.
Bat baino gehiagorentzat aurreneko aldia zen Realako nesken partidaz gozatzen; Anoetako Iñaki, kasu. Bartzelonak jokatuko zuela jakitean, partida ikustera joatea erabaki zuen. Norgehiagoka hasi baino lehen, bi taldeen arteko diferentzia nabarmena izango zela pentsatzen zuen; aldea, ordea, «handia ez» dela ikusi zuen. Emakumeen futbola gehiegi jarraitzen ez duela onartu badu, gizonezkoena bai, eta gustura ospatuko luke bihar gauean Santiago Bernabeu zelaian emaitza bera errepikatuko balitz.
Imanolen ustez, Realekoak «ondo» aritu ziren. Bartzelona talde ona dela eta nor baino nor aritzeko gai izan zirela zehaztu zuen. Imanolentzat ere lehenengo aldia zen nesken partida ikusten zuela. Familiarekin egin zuen Zubietara txangoa. Alabak, ordea, ez zion partidari kasu handiegirik egin, atzean zuen irakasleari begira pasa zituelako minuturik gehienak.
Neskatxaren arreta bereganatzen zuen irakaslea nor izango eta Realako jokalaria ere baden Larraitz Lukas zen.
Larraitz Lukas, urtarrilean
Harmailetan baino, zelaian beste kideekin batera baloiaren atzetik ibiltzen ohituago dago Larraitz Lukas. Soleoa minduta du eta zapaltzerakoan mina du. Jokalariaren hitzetan, lesioa ez da larria eta urtarriletik aurrera taldeari laguntzeko prest egongo da.
Bartzelonako jokalariek euren atea nola zulatzen zuten ikusten zuen bitartean, denboraldiarekin pozik dagoela aitortu zuen. «Athleticen kontrako derbia eta aurreko jardunaldian azken sailkatuarekin lortutako berdinketa albo batera utzita, oso positiboa izaten ari da denboraldia», azaldu zuen. Fitxaketa politak egin direla eta taldea pixkanaka sendotzen ari dela esan zuen. Zaletasuna ere zabaltzen ari dela uste du, «hainbeste jende ez» zuela espero aitortu baitzuen.
Zubietan hutsik egiten ez duen Esteban Rosadok ere halako jendetza Athleticek jokatzen duenean izaten dela berretsi zuen. Realeko bazkidea da eta ez du ez emakumezkoen ez gizonezkoen partidarik galtzen. Hobetzen ari direla eta, «inongo zailtasunik gabe, sailkapeneko zuloari begira egon gabe bukatzeko gai badira, gaitzerdi», azaldu zuen. Gizonezkoekin ere baikor da, «lortutako azken sei puntuak ondo baino hobeto etorri zaizkio», zioen.
Anoetako partidetan emakumeen liga inork gutxi du gogoan. Neskek jokatzen dutenean, berriz, zaila da konparaketa saihestea. Bien arteko aldea handia da eta egiten duten esfortzua kontutan hartu beharra dago, Maribel Alberdiren iritziz. Bete-betean aritzeko adina ez dutela irabazten eta lana edota ikasketak futbolarekin uztartzea «oso gogorra» dela adierazi zuen.
Desabantaila horiek, halere, ez dute ez Añorgan atezain ari den Amaiaren ezta Tolosan aurrelari den Ane Larrearen gogoa zapuzten. Amaiak Añorgarekin Liga Nazionala irabazi duten Ixiar Bakero eta Idoia Alberdi ditu eredu. Anek, aldiz, Athleticera joandako Irene Paredes.
Nork daki urte gutxira bi neskatxa horiek ez ote diren Zubietako izar bilakatuko.