Uholdeen beste aldea
Azaroaren 5 eta 6ko euri jasa ez dute erraz ahaztuko Martutenen eta Txomin Enean. Auzotarrak ez ezik, Añarbeko arduradunak ere ibaira begira egon ziren asteburu hartan, erabaki egokiena hartzeko asmoz.
Joan den azaroaren 5 eta 6ko asteburuko euri jasek urez bete zituzten hiriko hainbat txoko. Ohiko moduan, denboraleak ibaiaren parean dauden auzoengan izan zuen eragin handiena; Loiolan, Txomin Enean eta Martutenen. Hala ere, aurreko uholdeetan kalterik izan ez zuten hainbat txoko ere urak hartu zituen. Txomin Eneako Antzieta pasealekua eta Martuteneko Pilar auzunea izan ziren txikizio handienak jasan zituztenak, eta bertako bizilagunak izapide artean dabiltza oraindik kalteak arintzeko asmoz.
Ezbeharretik hilabete igaro denean, Añarbeko Urak-ek uholdeei buruzko txostena zabaldu du. Erakunde horrek Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte Oria, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Urnieta, Usurbil eta Astigarragako udalerriei ur hornidura eta saneamendu zerbitzuak eskaintzen dizkie, hots, 300.0000 lagunetik gorako biztanlegoari. Horretarako, erakundearen izen bera duen urtegia erabiltzen dute biltegi gisa.
Txostenaren bidez, datu eta grafikoz lagunduta, uholde egunak nola kudeatu zituzten azaldu dute zehatz-mehatz, puntuz puntu. Auzotarrak –kaltetuenak, zalantzarik gabe– euri jasari ahal zuten moduan aurre egiten saiatzen ari ziren bitartean, arduradunak erabakiak hartzen ibili ziren, zirt edo zart, egoeraren larritasunak behartuta. Horrenbestez, txostenak uholdearen beste aldea jasotzen du; herritarrek ikusi ez zutena, alegia.
Alkatea, mahaiburu
Hain zuzen ere, Añarberen dokumentuak dioenez, azaroaren 5 eta 6ko uholde-gertakari guztian, urtegitik Añarbe ibaira emariak husteko lehen maniobra igandeko gauerdian egin zuten. Ez lehenago. Emari ekologikoaz aparte, une hori baino lehen ez zen ibaira urik isuri. Añarbeko presa egoteak eta urtegiaren ardura duen erakundeak egindako kudeaketak Añarbe ibaira eta, ondorioz, Urumea ibaira ia 9.000.000 metro kubiko isurtzea saihestu zuten, beti ere txostenaren arabera.
Modu horretan, ibaiak eragindako uholdeak eta herritarren ondasunen gaineko kalteak hein handi batean murrizten lagundu zutela ondorioztatu dute.
Añarbeko Urak-eko lehendakaritzak lehen aldiz deitu zuen, igandeko 19:00ak pasatxo, Donostiako Ertzaintzaren aldameneko Eusko Jaurlaritzaren bulegoetan eratutako Krisi Mahaira. Une hartan, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea zen mahaiburu eta bideokonferentzia bidez konektatuta zegoen Raul Fernandez de Arroiabe Barne Sailburuordea buru zuen mahaiarekin. Bilerara joandako guztiek txandaka eman zuten informazioa eta Añarbeko Urak-ek azaldu zuen urtegia itxita egon zela –eta hala jarraitzen zuela– larunbata eta igande osoan, ibaira derrigorrezko emari ekologikoa soilik isuriz, uholdearen xedeetarako garrantzirik ez zuena, oso bolumen txikia zuelako.
Urtegia noiz ireki izan zen eztabaida gaia, urak gora egiten baitzuen, etenik gabe. Ahalik eta beranduen irekitzea zen gakoa, gauerdian erabakia hartu zuten arte. 22:36ean, Añarbeko Urak erakundeko lehendakaritzak agindua igorri zien zuzendari teknikoari, hornidura sailburuari eta urtegiko ataleko buruari, igandean, 24:00etan, eskuineko hondoko isurbidea irekitzeko. «Añarbeko Urak-eko lehendakaritzak Uraren Euskal Agentziako zuzendariarekin telefonoz izandako elkarrizketetan beti adostu zuten zein garrantzitsua zen, presaren egiturak aukera ematen zuen bitartean, Añarbe ibaira ura isurtzea saihestea; Urumeako emari zirkulatzaileen beherakadak horretarako aukera ematen zuen arte».
Uholdea pasa eta gero, kudeaketak ere garrantzi handia du, prebentzioa orduantxe hasten baita. «Azaroaren 6an, igandean, 24:00etan, gainezkabideko uhateek gainezka egitea saihesteko urtegiko ur-bolumena jaisteko erabakia hartutakoan, Añarbeko Urak-en kezka nagusia, ahalik eta lasterren baina Urumea ibaiaren garaiera ahalik eta ongien zainduta, urtegiko soberako bolumenak hustea zen, helburu bikoitz eta kontsekutiboarekin: batetik, gainezkabideko uhateei urtegian pilatutako uraren presioa ahalik eta lasterren arintzea, ur-maila gainezkabideko ezpaineko 156 kotaraino jaitsita, haiek lehenbailehen altxatu edo ireki ahal izateko; bestetik, ondorengo egun, aste edo hiletan izan zitezkeen prezipitazio handiei aurre egiteko behar adinako babesa lortzea».
Ez ohiko euri jasa
Uholdearen garrantziari buruzko lehen kalkuluen arabera, eta erabilitako kalkulu-irizpideak kontutan hartuta, azaroa hasieran gertatutakoa berrogeita hamar eta ehun urte arteko birgertatze-aldiko uholdea izan zela esan daiteke.
Prezipitazioak ez ohikoak izan ziren: lau egunetan 328,4 l/m2 erori ziren Añarbeko urtegian, hirutan 327,5 l/m2 erori ziren eta bitan 290 l/m2. Kontuan izan behar da azaro arrunt bateko batez besteko prezipitazioa 243 l/m2 dela.
Kalte handiak eragin ditu Urumeako saneamendu sarean
Añarbeko Urak-en goi saneamendu sarea bi sistematan banatzen da: Kostako sistema eta Urumea sistema. Uholdeak kalte nabarmenak eragin dizkio bigarrenari.
Urumea sistemak diametro ertain eta handiko kolektore-sarea du, eta sare horretan isurtzen dituzte urak arroako udaletako bigarren mailako edo behe saneamendu sareek; hau da, Donostia, Urnieta, Hernani eta Astigarragako sareek. Hondakin Urak Ponpatzeko Estazioak izeneko 25 egitura ditu sareak. Urumea ibaitik oso hurbil eta kota oso baxuetan daude, lur azpian ez daudenean. Hortaz, uholdeen eta ibaiaren ur-goraldien aurrean oso instalazio ahulak dira.
Ondorioz, Urumea sistemako 25 estazioetatik 14tan garrantzi desberdineko kalteak pairatu dituzte. Donostiari dagokionez, Txomin eta Kuarteletako estazioek kalte partzialak dituzte; Pilar auzoa, Lorategi Hiria, Sarroeta, Apostolutza eta 27. poligonoko egiturek, berriz, erabateko kalteak dituzte kaxa elektrikoetan.