Kaltetuentzat laguntza bereziak bideratzea eskatu du EAJk
Uholdeak gertatu zirela hilabete pasa da eta bizilagun asko oraindik kinka larrian dagoela adierazi du Eneko Goia EAJko bozeramaileak. Aseguru etxeek eta beste zenbait erakundek eskainiko duten laguntzaren bidez, egoera xamur daitekeen arren, Udalak laguntza bereziak eskaini beharko lituzkeela adierazi du.
Hala nola, udal tasa eta zergak ordaintzen erraztasunak eskain daitezkeela proposatu du Eneko Goiak. «Autoa galdu duten bizilagunei, esaterako, zirkulazio zerga ordaintzen lagun dakieke», esan du. Etxean konponketaren bat egin dutenei baimenak erraztu edota garbiketa lanetan aritu direnentzako ur kontsumoan ere laguntzak ezar daitezkeela azaldu du. Beste herri batzuetan (Getxon, esaterako) horrelako neurriak hartu direla aditzera eman du bozeramaileak.