PSEk mendeurrena ospatzeko programa nahi du
Viktoria Eugeniaren urtebetetzerako babesleak bilatzen hasteko eskatu dio Udal Gobernuari
2012. urteko uztailaren 20ean zabaldu zituen ateak Viktoria Eugenia antzokiak. Hiriko nahiz Gipuzkoako kultur loraldian ezinbesteko azpiegitura izan dela nabarmendu du Marisol Garmendia PSE-EEko zinegotziak. Zinemaldiak, Musika Hamabostaldiak eta beste hainbat jaialdik bertan hartu dutela indar zehaztu du. Hori dela eta, mendeurrena behar bezala ospatzeko kultur programa antolatu behar dela adierazi du.
Udal Gobernua programa hori osatu eta hura sustatuko duten babesleak bilatzen hasteko, erakunde adierazpena aurkeztu du udal taldeak. «Gipuzkoa osorentzat bizitza kulturalaren bihotzetako bat» izan delako, Udalaz gain, gainontzeko erakundeen –Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, kasu– laguntza ere funtsezkoa izan beharko lukeela erantsi du PSE-EEko kideak.
Marisol Garmendiak, gainera, Donostia 2016. urtean Europako Kulturaren Hiriburu bilakatzen denerako, ekimen horren aurrerapena izan daitekeela zehaztu du. Bertako talde eta artistentzako plaza eta Europako beste zenbait artista eta eragilerekin lan egiteko aukera izan daitekeela azaldu du PSE-EEko zinegotziak, halaber.
Mendeurrena dela-eta, Haur Danborradaren festa antzokian egingo dute.