Askoz hobeto elkarrekin
Bera Bera Eskubaloi Taldeak eta Lagun Aro GBC-k egutegia egin dute, zalegoa handitzeko.
Astearteak 13aren beldurrez-edo, astelehen gauean aurkeztu zuten Bera Bera Eskubaloi Taldearen eta Lagun Aro GBC-ren egutegia. Horri eta bestelako oztopoei aurre egiteko elkarrekin jardutea hobe izatearen sinesmena dago Pedro Usabiaga argazkilariak gauzaturiko hilabete kontari honen atzean.
Illunben kirol pista duen saskibaloi taldeko presidente Gorka Ramonedak kontatu zuenez, Bera Berak aurtengo taldea Miramar jauregian aurkeztu zuenean sortu zen ideia. Amaia Ramirezek, eskubaloi taldearen buruak, azaldu zuen proiektuaren esanahia: «egutegi honek balioak erakusten ditu; bi taldeok komunean ditugun balioak, alegia».
Bakarka, bikoteka, taldeka… bi kirol hauetan, eta bizitzaren beste alorretan, garrantzitsuak diren balioak iruditan jarri ditu Pedro Usabiagak, kirolariak modelo erabilita.
Aquariumeko auditorioan egindako aurkezpenean, Bera Berako Libe Altunak gogora ekarri zuen bere taldean iaz ere egutegia egin zutela, baina, nabarmendu zuenez, «aurten taldea lasaiago ibili den ideia daukat». Lasai ez ezik, primeran ere ibili direla esan zuen Usabiagak. Bereziki bi jokalari nabarmendu zituen: Ana Punko eta Segi Vidal. Biek erakusten omen dutelako «fotogenia zer den».
Eider Rubio donostiarrarentzat ere hitz gozoak izan zituen Usabiagak, David Doblasekin azaltzen den argazkietako batean ur hotz-hotza bota ziotelako. Baikortasuna da bi hauen balio-hilabetea eta horrelaxe hartu zituzten argazkiaren gorabeherak. Mikel Motos eta Julen Olaizola aietearrek, berriz, lankidetzaren balioa hezurmamitzen dute.
Kirolen ontasunak nabarmentzeaz gain, balio hauen erakustaldiak helburu jakina eta zehatza dauka. Ramirezek zioenez, «honekin bilatzen ari garena gure partidak jende gehiago ikustera etortzea da». Ez da ideia txarra, prezio berean kirolaz gain, balio erakustaldia izango baita kantxan.
- Bera Bera eta GBCko jokalariek ere astelehenean ezagutu zuten egutegia. (Argazkia: Mikel Goñi).