"Ekimenean gustura dagoen jendea da publizitate onena"
Aitziber Gurutzeaga. Mintzalaguna-ren arduraduna
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen ekimenak euskararen erabilera sustatzeko egindako lana aintzatetsi du Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengo Anton Abbadia sariarekin.
Euskaldun berriei laguntzeko, euskara hitz egiteko ohitura zutenekin elkartzea bururatu zitzaion Bagerari orain 18 urte. Hamabi partaiderekin hasi, eta egun, 200 inguru dituzte. Egiteko asko badago ere, orain arteko lanari aitortza jasoko du ostiralean Mintzalaguna ekimenak. Anton Abbadia sariaren garaikurra Aitziber Gurutzeagak (Egia, 1971) hartuko du Aldundiaren Jauregian, 19:00etan egingo duten ekitaldian. 1997tik egitasmoaren arduraduna den egiatarrak “ohorea” dela uste du.
Espero al zenuten Anton Abbadia saria jasotzea?
Ez. Ez genuen espero. Sari potoloa, handia, dela iruditzen zait; ez zaigu handia geratzen, baina ohorea da.
Noren ekimena izan zen Mintzalaguna?
Bagera 1991ko abenduan sortu zen euskara Donostian sustatzeko helburuarekin. Lan taldetxoak antolatu ziren, eta Aitziber San Romanek eta Amaia Baldak euskaldun berrien alorrean lan egin nahi zuten. Euskaltegi banatan lan egiten zuten, eta euskaldun berriek ikasitakoa praktikara eramateko zituzten arazoak argi ikusten zituzten. Ez zekiten zer, baina zerbait antolatu behar zen.
Nola jarri zuten abian?
Tandemeko Jurgen Wolffekin hitz egin zuten, haiek hizkuntza truke ekimen bat baitzuten, eta ildo batzuk eman zizkien. Bagerakide batzuk hasi ziren horretan lan egiten, eta bestalde, euskaltegira batera joan ziren ikasleak pausoa ematera animatzeko. 1993ko abenduan hasi ziren sei bikote mintzapraktika egiten.
Zenbat dira egun?
Hasieran 70 bat lagun ziren, baina bi urteko epean edo, 200 pasatxo ziren. Gainezka egiten zigun. Ordutik 200 lagun ingururekin aritzen gara. 2.000 bat lagunek parte hartu dute urteotan.
Noiztik zara ekimenaren arduraduna?
Aitziber San Roman eta Amaia Balda bi ikasturtez aritu ziren. Boluntarioak ziren, eta ekimena hazten joan zen heinean, gainditu egin zituen. Orduan, Luis Rubio hasi zen lanean, eta haren ondoren, 1997ko urrian, ni.
Urteekin asko aldatu al da?
Hasi nintzenean ez zen aparteko ekimenik egiten. Beraz, hilean behin zerbait gehiago eskaintzen hasi ginen. Udaran, jendeak denbora gehiago duenez, mintzalagun taldeak eskaintzen hasi ginen ere. Alde nagusiak, aparteko ekimenak eta jende kopurua dira.
Noiz hazi zen partaide kopurua eta zergatik?
2000. urtean. Ez dugu inoiz baliabiderik izan kanpainarik egiteko, beti pentsatu dugu ahoz ahokoa izan dela. Gustura egon den partaide batek, beste bati esan dio… Ekimenean gustura dagoen jendea da publizitate onena.
Iaz Herritar Merezimenduaren Domina jaso zenuten. Honek lagundu al du?
Egitasmoa ezagutzera emateko oso garrantzitsua izan zen, komunikabideetan oihartzun handia izan baitzuen, eta Donostian oso inportantea da.
Euskara gehiago erabiltzen dela nabaritu al duzue?
Nire iritzia baietz da, baina ez dakit nire ingurunean hala delako den. Datuek erabilera gora doala diote, baina ez nahiko genuen mailan.
Zer ikasten dute euskara ikasleek?
Ikasi beti ikasten da, baina norberaren motibazioa oso garrantzitsua da. Batek argi badu azterketa bat gainditu besterik ez duela nahi, ezin dugu eragin. Helburu batekin datorren pertsona, batzutan, gustura dago eta jarraitzen du, helburu berriak sortzen baitzaizkio. Jendearengan motibazioa eragiteko balio du ekimenak. Harreman pertsonalak dira, euskara hitz egiteko ohitura duen pertsona boluntarioa da, eta ikasleentzat hori txalogarria da. Denek ikasten dutela uste dugu.
Euskara hitz egin ohi duenak zer ikasten du?
Euskara ikasten ari direnei nola hitz egin ikasten dute; pazientzia eduki behar dutela, beste erritmo bat.
Hasieratik parte hartzen duenik ba al da?
Euskal hiztun pare bat bai. Ikasleek ibilbide bat egiten dute gurekin.
Eta laguntzaile bilakatu den ikaslerik?
Bai, urtetan euskara ikasi, eta orain laguntzaile direnak badaude. Ekimena oso baliagarria izan zaie, eta ikasten ari direnei eskaini nahi diete. Oso polita da. Dena merezi dute, eta saritzen saiatzen gara.
Euskaltegien laguntza nola baloratzen duzu?
Oso garrantzitsua da beraiek bere egitea ekimena. Garrantzitsua da ikasleentzat, eta beraiek ere ikusten dute. Euskara irakasten egiten dute ahalegina, ikasleek mintzalagunarekin erabiliko dutela bermatzea garrantzitsua da. Baditugu B eta D ereduan ikasitakoak, ez erabiltzeagatik euskara ahaztuta dutenak eta ikasle gisa etorri zaizkigunak.
Mintzalaguna hemen sortu eta Euskal Herri osoan zabaldu da. Mintzodromoak ere bide bera hasi du.
Mintzalagun taldeak astean behin elkartzen dira, ordubetez. Jendeak bigarren talde bat eskatzen zigun, baina ez genuen baliabiderik. Hori dela-eta, Bageran bertan mahaiak jarrita Mintzalagun saio bereziak egiten hasi ginen. Burrunba sortzen zen, eta gure artean “Mintzodromo” deitzen hasi ginen. 2009an Euskararen Udal Patronatuak Euskararen Egunaren harira, karpa jarri eta Mintzodormo erraldoia egitea erabaki zuen. Aurten, perretxikoak bezala, Gipuzkoara zabaldu da.