Gpuntuaren finala, prest
Igandean, 16:30ean hasiko da Gpuntuaren finala; ia hamar mila bertsozale bilduko dira
Elkano Browning Cream taldeak kontzertua emango du Gari abeslariarekin
Zortzi hilabetean Gipuzkoako 26 herritan izan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak aurtengo txapelketa inoiz baino «luzeagoa eta jendetsuagoa» izan dela plazaratu du. Maiatzaren 8an hasi zen lehiaketan, 76 bertsolarik parte hartu dute, eta 36 saioren ondoren, zortzi iritsi dira Illunbera, igandean jokatuko den finalera: Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Aitor Sarriegi, Unai Agirre, Agin Rezola, Alaia Martin eta Jon Martin izango dira zezen plazan. Haiek bakarrik lortu dute Gpuntuaren azken geltokian kantatzeko txartela.
Alkatea, bertsotan
Juan Karlos Izagirre alkateak ere parte hartu zuen atzo, txapelketaren finalaren aurkezpenean. Igandean, bera ere, beste hainbat bertsozalerekin batera Illunbe «biziberritzen» izango dela adierazi du. Donostiako Udalak euskararekin eta bertsolaritzarekin bat egiten duela nabarmendu du, eta finala Donostian egitea ohorea dela adierazi du: «Bertsolaritza sendotzeko apustuari eutsiko diogu». Bertsozale amorratua dela erakutsi du Izagirrek, eta bertso bat eskaini die finalistei. «Agian oso ondo kantatzen dut eta finalean parte hartzen utziko didate», esan du txantxetan. «Noizbait egitekotan gaurko beharko du izan. Bertsolarien artean, zezen plazaren erdian. Donostiako alkate izendau nindutenian ideiarik ere ez neukan zertan sartzen ari nintzen. Lana asko egin behar goizez ta arratsaldea. Kritika asko jaso dut motiboekin agian baina gaur bezalako aukera paregabean zoriontsu aurkitzen naiz holako ekitaldian».
Oroitz Azurmendi koordinatzaileak eman ditu argitara finalaren nondik-norakoak. Illunben, 16:30ean hasiko da. Ateak, ordea, 15:00etan zabalduko dituzte. Illunbeko pantaila erraldoian hainbat ikus-entzunezko proiektatuko dituzte hasieran. Txapelketako laburpenak, besteak beste. Gainera, hurrengo urtean Bertsozale Elkarteak 25 urte beteko ditu. Lehen txapelketan sortu zen elkartearen hazia, eta DVDa agitaratuko dute 2012an. Haren trailerra finalean proiektatuko dute. Lehen txapelketa hartan antolakuntza lanetan izan zen, hain zuzen, Laxaro Azkune azpeitiarra. Bertsozale Elkarteak haren lanaren aitortza egin nahi izan du, eta Azkunek jantziko dio txapela txapeldun berriari.
Aurkezpenaren ondoren, 16:30ak aldera, Elkano Browning Cream taldeak kontzertua emango du; haiena baita Gpuntuaren sintonia. Gari abeslaria ere izango da hirukotearekin. Sintoniaz gain, finala hasi eta buka bitartean beste kanta batzuk ere joko dituzte. Gaueko 20:45ak aldera jakingo dugu nor den Gipuzkoako txapeldun berria.
Zortzigarren txapelduna
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren zortzigarren irabazlea izango da igandeko txapelduna. Manuel Olaizola Uztapide (1959), Joxe Joakin Mitxelena (1962), Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki (1964), Txomin Garmendia (1967), Anjel Mari Peñagarikano (1991), Maialen Lujanbio (2003) eta Aitor Mendiluze (1995/2007) bertsolarien erreleboa hartuko du.
Bertsolarien lan puntuagarrien eskemari dagokionez, hainbat berritasun izango dira. Sei puntuko motzeko ariketa batekin hasiko dira. Bi ariketa izango dira berrikuntza nagusi gisa. Batetik, buruz-burukora iristen diren bi bertsolariek librean puntukako ariketa bat egin beharko dute. Eta bigarrena, buruz burukoan, bakarkako kartzelako lana ahoz aurkezleak eman ordez, pantailan eta ikus-entzunezko baten bidez emango zaie gaia.
Sarrera gehiago
Joan den larunbatean Internet bidez salgai zeuden sarrerak agortu egin ziren. Herri bakoitzeko saltokietan sarrera batzuk daude oraindik salgai, eta osteguna arte izango dira eskuragarri. Bihar, asteazkena, 10:00etan internet bidez, Bertsosarrerak.eu atarian, sarrera gehiago izango dira eskuragarri. Azken 1.200 sarrerak.
Txapelketa osoan zehar bezala, finalaren jarraipen zabala egingo dute sarean. Gpuntua.com gunean, Eitb.com eta Bertsoa.com gunean ere finala iruditan ikusgai izango da. Saioa bukatzerakoan, ETB1en emango dute.