Judas Priest taldearen agur-bira Anoetatik pasako da
Blind Guardian eta U.D.O. ere ariko dira heavy metal taldearen kontzertuan, Anoeta Belodromoan
Ia berrogei urte egin dituzte eszenatokietan, eta heavy metalaren hezur haragizko mito bihurtu dira. Iazko udan bira arrakastatsua egin zuten Motorhead eta Saxon-ekin batera. Judas Priestek, ordea, bere azken bira egingo duela plazaratu du. Donostiako zaleek Ingalaterrako taldea zuzenean ikusteko azken aukera izango dute hurrengo urtean, maiatzaren 20an. Anoeta Belodromora itzuliko da Judas Priest. Heavy metal ikuskizun erraldoia izango dela iragarri dute: laserra, argiak, motorrak, su lamak…
Robert Halford eta bere taldekideak ez dira bakarrik izango Anoetan. Blind Guardian eta U.D.O. izango ditu bidaide Donostia, Madril, Bartzelona eta Sevillako zuzenekoetan.
Blind Guardianek At the edge of the time disko berria aurkeztuko du. 80ko hamarkadaren bukaeran zale andana erakarri zituen laukoteak Battalions of Fear, Follow the Blind, Tales From The Twilight World eta Somewhere Far Beyond diskoekin. U.D.O taldeak ere lan berria ekarriko du Donostiara, Rev-Raptor. 1987an sortu zuten taldea Accept taldeko kideek, Udo Dirkschneiderrek eta Stefan Kaufmannek.
Sarrerak bihar, asteazkena, jarriko dituzte salgai Ticketmaster sarean, 54 eurotan.