Ustekabe batek eragindako maitasun istorioa
Tanttaka Teatroak ‘Ipar haizearen kontra’ antzezlana taularatuko du, euskaraz eta gaztelaniaz, Antzoki Zaharrean osteguna eta igandea bitartean
Antzerkia: ‘ipar haizearen kontra’ / ‘contra el viento del norte’
Bitxikeria edo ustekabe bat du abiapuntu gisa Tanttaka Teatroren azken lanak, ‘Ipar haizearen kontra’. Emakume batek aldizkari baten harpidetza utzi nahi du. E-mail bat bidaliko du, baina helbide okerrera bidali eta beste pertsona batek jasoko du.
Joseba Apaolaza eta Itziar Atienza aktoreak dira «umore dosi asko dituen, baina komedia ez den» obra honetako protagonistak. Kike Diaz de Rada eta Felix Arkarazo aktoreak ere izango dira taula gainean. Fernando Bernuesek zuzendu du Daniel Glattauer idazlearen eleberrian oinarritutako lana. Obraren musika, berriz, Joserra Senperena piano jotzaile donostiarrak konposatu du.
Adiskidetasunaren eta maitasunaren arteko muga, sentimenduak itotzea, jeloskortasuna, desleialtasuna eta zoriontasuna bilatzea dira euskal konpainiak antzezlan berrian taularatuko dituen gaietako batzuk. Baita kanpo itxuraren garrantzia ere. Teknologia berriek eskaintzen duten berehalakotasunari esker, umore, ironia eta lotsagabekeria apur bat nabarituko dute ikusleek. Baliabide berri horiek pertsonen sentimenduetan duten eraginaz ere ari dira.
Euskaraz eta gaztelaniaz antzeztuko dute Antzoki Zaharrean osteguna eta igandea bitartean.
- Non. Viktoria Eugenia Antzokian.
- Noiz. Abenduak 15etik 18ra. Abenduak 15 eta 17ko emanaldiak euskaraz izango dira.
- Ordua. 20:00etan.
- Sarrerak. 18 eta 15 euro.