"Zenbait momentutan Illunbe lehertzea lortzen badut, nahikoa"
Beñat Gaztelumendi: Bertsolaria
Illunben abesteko prest dago añorgatarra. 2007ko Gipuzkoako txapelketako txapeldunordeak Arrasateko bertso saioan lortu zuen finalerako txartela.
Bigarren Gipuzkoako Txapelketa da Beñat Gaztelumendirentzat (Añorga, 1987). Berezia izan dela azaldu du: «Txapelketa luzea izan da, eta berandu samar hasi naiz lehian. Hainbat saio entzun nituen parte hartzen hasi baino lehen, eta maila altua zegoela konturatu nintzen. Beldur pixka bat banuen». Sentsazioa «nahiko ona da», esan du bertsolari gazteak, baina ez da guztiz ona ere: «Beti dago hobeto egiteko nahi bat. Taula gainean egoten ikasi dut, baina ikasteko ere asko daukat, zorionez».
2007ko finalean Illunbeko zezen plazan zazpi zezen eta txahal bat ziren taula gainean. Gazteena zinen, ezezagunena… Zer aldatu da lau urtean?
Sentsazioak aldatu egin dira. Egun horretatik Illunbe nire bizitzari oso lotuta egon da, eta egongo da. Ezezagun gisa iritsi nintzen duela lau urte. Asko jota zazpigarren geratzea espero nuen, eta begira zer gertatu zen. Ikasgai bezala ere balio du kontrako aldetik begiratuta. Orain badirudi asko hazi garela, eta aukera gehiago eduki ditzakegula edozer egiteko, baina aldi berean horrek erakusten du edozeinek edozer egin dezakeela final batean. Aurten gustatzen zait sentsazioa. Ardura handiagoarekin, edo behintzat kontzientzia handiagoa daukat zer bilatuko dudan. Eta jendeak ere nigandik beharbada gehiago espero du, eta sentsazio hori gustatzen zait. Beno ez dakit. Duela lau urte lotsagabe papera egokitu zitzaidan nolabait, eta ni berez ez naiz horrelakoa. Aurten nire izaerarekin bat datorren final bat egitea gustatuko litzaidake. Final orekatu bat, eta ahal dela momentu batzuetan goia jotzea. Illunbe lehertzea ederra da, baina gero helbururik jartzea kosta egiten zait: zein postutan nahiko nukeen edo. Zenbait momentutan Illunbe lehertzea lortzen badut, nahikoa.
Zein izan da txapelketako momentu bereziena?
Villabonako saioa, anaiarekin batera kopletan egin nuenean. Lehen aldia zen txapelketan batera kantatzen genuela, eta ondo atera zen. Gehien asebete nauen momentua hura izan da.
Finala festa izango da. Publikoarekin hazi egiten zarela uste duzu?
Beno hori ez da inoiz jakiten. Duela lau urte, adibidez, hazi egin nintzen. Baina normalean bai, gero eta jende gehiago, gero eta erosoago sentitzen naiz. Gustatzen zait taula gainetik kantatzea. Bertso afarietan ez naiz hazten askotan, baina horrelako momentu handietan bai. Ea giroa bero dagoen igandean, eta ea Illunbe betetzen dugun. Nik uste dut Donostiarentzat ere gauza handia dela Illunbe betetzea. Azken finean, Donostian ere badago bertso mugimendu bat. Beharbada urtean zehar ez da nabaritzen. Bertso eskolak badira, baina harreman gutxi dago haien artean. Horrelako egunek indarra ematen diote Donostiari, lanean jarraitzeko.
Zer egingo duzu igandean, finala hasi aurreko orduetan?
Urduri egongo naiz, hori normala da. Ondo lo egingo dut, ahal dudan guztia. Normalean igandetan ez dugu lo asko egiten, eta oraingo honetan bai. Bueltatxo bat egingo dut goizean, burua argizteko. Goiz bazkaldu, siestatxo bat egin, eta Illunbera.
Familiarekin joango al zara Illunbera?
Bertsolari bakoitzak bere errituala izan ohi du. Familiarekin etorriko naiz, bai. Lagungarri egiten zait. Eta familiari ere laguntzen diodala uste dut, ni lasai nagoela ikusten dutelako. Bestela galdera ikur horrekin iristea Illunbera, gogorra da gurasoentzat.
Bukaeran, gertatzen dena gertatzen dela ere… festarako ordua izango da ezta?
Kuadrillarekin ospatuko dut, bai. Festa egingo dugu, bederatzigarrena egiten badugu ere.