Antxon Aiestaran omenduko dute bere heriotzaren 25. urtemugan
Orfeoia zuzendu zuen 1968 eta 1986 urte bitartean; abenduaren 22an egitarau berezia prestatu dute.
1986ko abenduaren 22an hil zen Antxon Aiestaran, auto istripuz. Donostiako Orfeoiko zuzendaria izan zen 1968. urtetik, hil arte. Haren heriotzaren 25. urtemugan, Orfeiko kideek Aiestaranen omenezko egitaraua prestatu dute.
Orfeoia zuzendu zuen urteetan, bultzada handia eman zion abesbatzari: «Errepertorio sinfoniko-korala zabaldu zuen, eta hari esker Orfeoia nazioarteko eszenatokietara heldu zen. Hark landu zuen, gainera egun gure harrobia den haurren orfeoia», esan du Etxarrik.
Jose Antonio Sainz Alfaro, Orfeoiko egungo zuzendaria Aiestaranen lagun mina izan zen: «Orfeoia zuzendu zuen 18 urteetan, kide guztiak liluratu egin zituen. Haren jeniotasunak liluratu egiten zituen. Hari zor diogu Orfeoiaren egitura profesionalizatu izana, besteak beste».
Zaragoza plazako eskultura
Hurrengo ostiralean, abenduaren 22an egingo dute haren oroimenez antolatutako programa. Zaragoza plazan haren omenezko eskulturan lore eskaintza egingo dute 13:30ean. Jose Maria Etxarri Orfeoiko presidenteak eskultura denbora luzez utzita eta hondatuta izan dela azaldu. 1988an inauguratu zuren monumentua, eta omenaldiaren egunerako berritu egingo dutela plazaratu du.
Orfeoiaren egoitzan, San Juan kalean, mahai-ingurua egingo dute 17:30ean. Jose Antoni Etxenike ariko da moderatzaile gisa, eta beste hainbat parte hartzailek Aiestaranen lana nolakoa izan zen gogora ekarriko dute. Luchy Manzisidorrek haurrentzako musika tailerra nola sortu zuen azalduko du, Aiestaranen ekimena izan baitzen. Herminia Labordek harekin batera Orfeoiko kideak prestatzen egindako lana izango du hizpide. Ricardo Salaberriak nazioartera egindako lehen bidaia haien esperientzia kontatuko du. Aiestararen laguna izan zen abeslaria, eta zuzendaritza batzordeko kidea. Kontzertu, maisu eta orkestren inguruko oroitzapenak Gonzalo Trevijano piano jotzaile eta abeslariak ekarriko ditu gogora. Eta azkenik, Jon Baguesek nazioarteko diskoetxeen ateak ireki zituzten grabaketen inguruan hitz egingo du.
San Bizente elizan Aiestaranen omenezko meza egingo dute 19:15ean, eta Orfeoiak abestuko du.