2012ko Hiritar Merezimenduaren Dominek jabea dute
Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko presidente izandako Peter John Brownek; Txomin Enearen alde jo eta ke lanean aritu den Joaquin Perez Iriartek; betiko lanbideari tinko eutsi eta sardina saltzen urte luzez aritu den Andresa Portugalek; bere arrakastak ehun metro baino askoz zeaharkatu dituen Ramon Saizarbitoria idazleak; eta gaixoak laguntzen, Lurdesera bidean milaka kilometro egin dituzten Lourdesko Amaren Abegi Elkarteak jasoko dute omenaldi beroa, San Sebastian egunaren bezperan.
Hiriaren alde musutruk egiten duten lanagatik Hiritar Merezimenduaren Domina eskuratuko dute urtarrilaren 19an. Iaz, Paco Etxeberriak, Felix Perezek, Miguel Tardaguilak, Arrats Elkarteak eta Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartea lortu zuten domina.
Talde bakoitzaren proposamena mahai gainean jarri eta inongo gorabeherarik lortu dute dominak lepotik zintzilik izango dituzten bost herritarrak zeintzuk izango diren adostea. Udal webgunean jasotako eskaeren artetik hautatutakoa da. Izendapenok udalbatzak berretsiko ditu datorren abenduaren 29an.
Txomin Enean, behinik behin, uholdeak eragindako kalteak albo batera utzi eta ospatzeko aitzakiaren bat izango dute, Lan Berri auzo elkarteko presidente arduretan urteak igaro dituen Joaquin Perez Iriarteari egingo baitiote gorazarre. Ibaia, Txomin Eneako auzunea eraberritzeko plana eta makina bat buruhausteren aurrean bizilagunen behar eta interesak defendatzeko ahalegina antzua izan ez dela erakutsi nahi diote udal agintari eta auzokideek.
Dantza alorrean, lanean
Txomin Enean Joaquin ezagutzen ez duenik ez dagoen bezala, dantzaren alorrean ondo baino hobeto dakite Peter John Brown nor den. Bere emazte Agueda Sarasua lagun, dantzari asko eta asko trebatu dituzte, Alicia Amatriain tarteko. Musika eta Dantza Kontserbatorian 30 urtetan baino gehiagotan eman ditu dantzari handi bilakatu nahi zuten gaztetxoak gidatzen eta hezten. Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearen ardura izan du hainbat urtez eta bitarte horretan sona handiko dantzariekin egon da hartu-emanetan ikastoroak antolatzeko.
Idazle fina
Dantza egiteko ez, baina euskaraz irakurtzeko gogoa pizten lagun duen idazle handietako bat da Ramon Saizarbitoria. Egunero hasten delako edota Ehun metro eleberriak ez dira herritar askoren etxeko apaletan falta. Saizarbitoriak liburuz betetako apala izateaz gain, sari ugari pilatuko ditu. 2001ean, hala nola, Euskadi Saria jaso zuen Gorde nazazu lurpean liburuagatik. Euskaltzaindiako kide da, gainera.
Gaixoak laguntzen
Euren lanarekin libururik kaleratu ez duten arren, gaixo askok Lourdesko Amaren Abegi Elkarteko kide eta boluntarioekin egindako bidaiak eta izandako bizipenak gustura asko gordeko lituzkete paper artean. 1959. urtean sortu zen elkartea, 1954. urtetik ari dira, ordea, itxaropena galduta edota egunerokoari nekez aurrera egiteko gai diren gaixoei Lurdeseko ama birjinari bisita egitera laguntzen. Otsailaren 11ean izaten den urteroko erromesaldiak indar handiagoa izango du datorren San Sebastian egunaren ondoren.
Antxoa artean
Hiritar Merezimenduaren Domina jaso dutenen artean, helduena izan daiteke Andresa Portugal. 95 urte ditu eta kalean ikus daitekeen azken arrain saltzailea da. Breta ondotik igarotzen direnek askotan ikusiko zuten Andresa antxoak garbitzen. Nabari zaio erruz lan egindakoa dela, mende erdia baino gehiago pasa baitu arraina saltzen. Erretiro aurreratua eta halakorik zer den ez daki Andresa Portugalek.


