Haurren Soka Dantza berreskuratuko du Bagerak
Larunbateko Donostia Dantzan erromeriaren aurretik dantzatuko dira gaztetxoak, Konstituzio plazan.
Santo Tomas egunaren inguruan ohitura bilakatu den moduan, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak erromeria antolatu du aurten ere. Larunbatean egingo dute, Konstituzio plazan. Oraingoa, ordea, berezia izango da. Hain zuzen ere, dantzaldiaren aurretik, aspaldi galdu zen ohitura berreskuratuko baitute: Haurren Soka Dantza. Arkaitz, Kresala eta Eskola taldeko haurrak dantzatuko dira, elkarri eskua emanda, soka osatuz. Doinua, berriz, Udal Txistularien Bandaren ardura izango da. Gaztetxoek 18:00etan hartuko dute plaza, eta jarraian, oinak mugitu nahi dituztenen txanda izango da.
Pausoak ezagutzen ez dituztenei irakasteko eta laguntzeko, Aitziber Aiestak eta Fernando Ruizek dantza gidatuko dute. Baltseak, kalejirak, fandangoak, polkak, arin-arinak, jolas dantzak, jotak eta beste hainbat dantza herrikoirekin gorputza astintzeko aukera izango da.
Bagerak 2005ean dantza herrikoiak berreskuratzeko asmoz, Donostia Dantzan ekimena abian jarri zuen. Urtean zehar hiruzpalau erromeria egiten dituzte, eta azkena, Santo Tomas ingurukoa da.