"1912 urtea inflexio puntua izan zen, hiria eraldatu egin zen"
Lola Horcajo – Historialaria
Donostiarrei oharkabean pasa arren, urteekin, eraikinek eta azpiegiturek aldaketa ugari jasaten dituzte. Betiko diruditen bostek izandako bilakaera azaltzen du ‘San Sebastian-1912’ argitalpenak.
Galtzen ari diren saltokien penagatik hasi ziren Lola Horcajo, Carlos Blasco eta Juan Jose Fernandez hauei buruz idazten. Hiriko kaleak apaindu dituzten denda esanguratsu askoren historia berreskuratu, ezagutarazi eta gorde ondoren, azken lanean, egungo Donostia sortzen hasi zen garaira jo dute: 1912 urtera. Saltokien lekuan, oraingoan, bost azpiegituraren bidez saretu dute kronika, eta irudiekin osatu. 20 euroko kostua duen San Sebastian-1912 argitalpenari buruz hitz egiteko, bost horietako bat den Viktoria Eugenia Antzokian egin du hitzordua Irutxuloko Hitzak Lola Horcajo historialariarekin (Gros, 1956).
Nolakoa zen 1912ko Donostia?
1863an harresiak botatzeko baimena eman zitzaion hiriari, baina ados jartzen ez zirenez, 1865a arte ez ziren hasi. 1865etik 1900 egin zuten zabalgunea, etengabe eraikiz eta ibaia bideratuz. Goia joa zuela zirudien, baina oraindik, gauza asko egin zitezkeen. Oporraldia garrantzia hartzen joan zen, bereziki, osasun xedeekin itsasoan murgilduta bainua hartzea zabaldu zelako. Orduan, oporraldirako toki gisa beste hiri batzuekin lehia piztu zen.
Errege-erreginen opor toki izateagatik ere, ezta?
1905 inguruan Santanderrekin lehia handia zegoen errege-erreginen oporraldiengatik. Maria Kristina erreginak Miramar Jauregia zuen, baina bere seme Alfonso XIII.ak independentzia nahi zuen. Santanderrek berarentzat eraiki zuen Magdalena Jauregia, eta erregea hara joaten hasi zen, Donostiara etortzen jarraitu arren. Tradizioari jarraituz, Maria Kristina hona etortzen zen, baita bere jarraitzaile asko ere; baina gobernua eta jende garrantzitsua erregearekin zihoan. Beraz, donostiarrek zerbait asmatu behar zuten. Modernotasuna, aurrerapen teknikoak, berritasun deigarriak… eman behar zitzaizkion hiriari.
Viktoria Eugenia Antzokia, Maria Kristina Hotela, Igeldo Mendia, Perla eta Topoa eraiki zituzten. Zer lotura dute bostek?
Urte berean egin zituzten, eta ehun urte betetzear dira. Maria Kristina Hotelari eta Viktoria Eugenia Antzokiari buruzko aldizkaria genuen, eta ustekabean, beste hiruak urte berekoak zirela jakin genuen. Funikularrarena ezagunagoa zitzaigun, baina Perla aldatzez 1912an amaitu zuten, eta azken unean topoaren berri izan genuen. 2012an sartzear gaudenez, inork ahaztu ez ditzan liburua egin dugu.
Asko aldarazi al zuten hiria?
Bai, izugarri. 1912 urtea inflexio puntua izan zen; hiria eraldatu egin zen urte horietan. Beste aldietan bezala, eraikin hauek sortu aurretik eta amaitzean Donostia nola zegoen azaldu dugu. Maria Kristina Hotelak, esaterako, turismoa izugarri erakarri zuen, are gehiago Zinemaldia sortzean. Baina, hiriaren itxura asko aldatu zen ere. Esaterako, egun ezagutzen dugun Kontxako pasealekua ere orduan egin zuten.
Bakoitzaren ehun urteotako ibilbidea jaso al duzue?
Ez, ez dugu kontatzen jarraitu. Garai horretara mugatu gara, ate irekiera arte. Egungoa apur bat azaldu arren, ez dugu ehun urteko historia kontatu. Izan ere, bakoitzak liburu bana egiteko ematen baitu.
Ekimen pribatuak izan ziren denak.
Elkarte pribatuek sustatu zituzten; baina, gero, udalaren esku gelditu ziren, kontzesioak urte batzuetarako baitziren. Egun, batzuek kudeaketa pribatua izan arren, ustiatzea udalarena da. Ekimen partikularrekoak zirenez, hauek sustatzeko eratu ziren elkarteen sorrera ere kontatzen dugu: Donostiako Sustapen Elkartea –Maria Kristina Hotela eta Viktoria Eugenia Antzokia–, La Perla del Oceano Elkartea –Perla–, Monte Igueldo Elkartea –Igeldo Mendia–, eta Ferrocarril de San Sebastian a la Frontera Francesa Elkartea –Topoa–. Orain oso argiak zirela pentsa dezakezu, baina Igeldo, adibidez, gune militarra zenez, zuhaitzik gabeko mendia zen. Ezer ez zegoen tokian dirua jarri zuten, urbanizatu, errepidea egin… Ondo atera zitzaien, baina orduan dena zegoen aldatzeko. Apustu arriskutsua izan zen.
Marino Tabuyo ere gogora dakarzue. Zergatik?
Tabuyo garaiko alkatea izan zen. Liberala zen, eta aurretik, alkateordea izandakoa. Agintean lau urte bakarrik egon zen arren, hiltzean, ondorengorik ez zuenez, bere ondasunaren herena utzi zion hiriari. Bere alde egin nahi dugu, garai hartan ez baitzioten kasu gehiegi egin. Hil eta 30 urte geroago, Gros amaierako kale bati bere izena jarri besterik ez zuten egin; etxebizitza dudan kalea, hain zuzen ere.
Francisco Urkola Lazkanotegi ere atala eskaini diozue. Nor zen?
Arkitekto donostiarra zen, Maria Kristina Hotela eta Viktoria Eugenia Antzokia egin zituena. Azpiegiturak hemengo arkitektoen lana izan ziren; eta atala eskaini ez arren, beste batzuk ere aipatzen ditugu, Igeldo Mendia egin zuen Luis Elizalde, adibidez.
Argitalpenaren izena ez da ausazkoa, ezta?
San Sebastian hiriko aldizkari bat izan zen. Hitzaurrea “Buenas tardes señores” esaldiarekin hasi dugu, aldizkari hartako lehen zenbakia hala hasi zutelako, 1931ko urtarrilaren 20an. Argitalpenaren azal urdina ere hartu dugu, eta gerora, formatoa mantenduko dugu. Hiriko kontuak jasotzen zituen, unean-unekoak eta baita iraganekoak ere.
Aurreko liburuetarako elkarrizketa ugari egin behar izan duzue. Honetan lana bestelako izango zen…
Urkolaren ilobekin edota Monte Igeldoko Pascual sendiarekin elkarrizketa egin dugu, baina Topokoa, aldiz, ikerketa izan da… Beste mota bateko lana izan da. Liburuetako erreferentziekin ez gara konformatu, eta artxibategietan bilaketa lana egin dugu. Hondartzan zeuden etxolen kasuan, adibidez, jabeek Perlako arduradunekin izandako auziak bilatu ditugu. Baita denen planoak eta argazkiak ere.
Gustuko mendian aldaparik ez, ezta?
Bai, hala da. Aldizkari batean Kursaala nolakoa zen erakusten duten argazki zoragarri batzuk aurkitzen baditut, jendeak ez ikusteak pena ematen dit. Horrek lan handia dakar, eraikina nolakoa zen jakiteko… Lan asko egiten badugu, sei hilabetetan saltokiei buruzko liburu berria prest izango dugu.
Irakurleek ezustekorik topatuko al dute orrietan?
Baietz uste dut, Perlakoek ez badakite hasieran Baños del Principe Alfonso izena zuela… Lehen urtean izen hori zuen, baina [Joaquin Baldomero] Esparteroren iraultzaren ondoren izena aldatu zioten. Gaizki dute beraien historia!
Orain arteko liburuak agortu egin dira. Aurrekoen arrakasta errepikatzea espero al duzue?
Bai, honekin tirada luzeagoa egin dugu. Ikusiko dugu jendeak gustuko duen ala ez. Denden kontua partikularragoak da, hauek, berriz, betiko gauzak dira. Besteekin alderatuta, liburu hau gehiago da gordetzeko.

