San Telmoz gozatzeko aukera eskaini dute 15 euroren truke
Lagun ezkutua prestatu edota Olentzero eta Errege Magoei eskutitza idatzi behar eta ideiarik dabiltzanei gomendioa egin die Juan Karlos Izagirre alkateak: dendaz denda ibili gabe, kultura oparitzea. 15 euroren truke San Telmo Museoko bazkide txartela oparitzea «aukera polita» dela uste du Izagirrek. San Telmoko bazkide txartelarekin gutxi ez, eta opari zerrenda luzeagoa idatzi dio alkateak Olentzerori. Hala nola, «normalizazio politikoa lortzeko abiarazitako prozesuak aurrera jarraitzea» eta datorren urtean, «donostiar guztien artean, hiri hobe bat eraikitzea» da bere nahia.
Itxaropentsu da Izagirre datorren urtearekin. Herritar guztien artean, «elkartasunez eta, denon artean, adostasuna bilatuz» hiri hobeago bat lor daitekeela zalantzarik ez du Izagirrek.
Museo hobe eta erakargarriagoa egiteko, eraberritze lan handiak burutu dituzte San Telmon. Egindako hobekuntza horiez gozatzeko, urteko bazkide txartela sortu dute. 15 euroren truke, museoan eta aldi baterako erakusketetan doan sartu ahal izango da. Erakusketetako inaugurazioetan gonbidapena jasoko dute bazkideek, baita ekitaldi bereziak antolatzen direnean ere.
Horrekin batera, bisitaldi gidatu eta ibilbide tematikoetan %10eko beherapenak ezarriko dituzte. Tailer, kurtso eta beste zenbait jardueretan ere prezio merkeagoak izatearekin batera, lehentasuna izango dute izen ematerakoan. Aldi baterako erakusketen katalogoa eskuratzea merkeagoa izango da bazkideentzat, halaber.
Hori gutxi balitz, bazkide txartelak Donostia Kulturako zerbitzu eta abantailez baliatzea ahalbidetzen du. Era horretan, kultur ekitaldietan Donostia Kulturak eskaintzen dituen beherapenez aprobetxatzeko aukera izango dute. Horrekin batera, liburutegietan liburuak mailegatzeko aukera egongo da.
