Chicago Mass Choir-en eta Mikel Urdangarinen kontzertuak izango dira Victoria Eugenian
Chicago Mass Choir taldearen eta Mikel Urdangarin abeslariaren kontzertuak izango dira ostegunean eta ostiralean, hurrenez hurren, Victoria Eugenian.
1988an sortu zenetik, Chicago Mass Choir-ek nazioartean entzute handia duten artistekin jardun izan du; besteak beste, Bob Dylanekin. Gainera, azken urteotan sari asko jaso ditu Gospelaren arloan; tartean, hiru Grammy. Lehen aldiz dator abesbatza Donostiara, eta bere errepertoriorik gaurkotuena eskainiko du. Kontzerturako sarrerak 16, 20 edo 25 eurotan eskura daitezke.
Mikel Urdangarin, berriz, kantari aski ezaguna da Euskal Herrian. Bere abestietan, bizitza eta maitasuna izaten ditu ardatz. Mikel Urdangarin Zuzenean diskoa, zornotzarrak 2010eko abenduan Bilboko Kafe Antzokian eman zuen kontzertuaren ondorioa da. Honakoak izango ditu lagun taula gainean: Rafa Rueda (gitarra), Koldo Uriarte (teklatua), Bingen Mendizabal (biolina), “Sahiela” (bateria) eta Nika Bitchishvili (biolina). Sarrerak 15 eurotan daude salgai.
