Altzaren iragana eta oraina ezagutzeko liburua kaleratu dute
‘Altza, hautsa kenduz XI’ argitalpenean 24 artikulu bildu ditu Altzako Historia Mintegiak
Altzako Historia Mintegiaren ekimen orok jende andana biltzen du eta halaxe izan zen ostiralean Tomasene kultur etxean egin zuten Altza, hautsa kenduz XI liburuaren aurkezpenean. Daniel Soliño txistulariak eta Manu Gomez gaita-joleak girotu zuten ekitaldia eta Mattin ilustratzailearen irudi koloretsuek apaindu zituzten Tomaseneko paretak.
Urte berezia izan da elkartearentzat nahiz Altzarentzat, mende laurdena bete duelako Casares kultur etxeak eta haren baitan sortu zen Historia Mintegiak. Urteurrena ospatzeko, azaroaren 18an kontzertua egin zuten San Martzial elizan, historia mintegien topaketa antolatu zuten, Burgi aldera irteera egin zuten eta Altzaren ingurune naturalaren inguruko berriak biltzen dituen ataria
zabaldu zuten. Ekimen sorta hori liburu aurkezpenarekin borobildu dute.
Liburua ezagutzeko topaketa ez ezik, 2012ko egutegia etxera eramateko hitzordua izan zen ostiralekoa. Altzatarra bildumak duen argazki mordoa baliatuz, Errotetako jaietako, Molinaoko edota Herrerako irudi zaharrekin osatutako egutegia hornitu dute.
Altza, hautsa kenduz sortaren 11. argitalpena egiteko, Altza maite dutenen laguntza baliatu dute eta 24 artikuluz osatutako liburua egituratu dute.
Elkarteak iragana, oraina eta etorkizuna uztartzeko duen asmo bereberarekin, Altzaren atzoko eta gaurko historitik ibilbide luzea egiten duen argitalpena kaleratu dute. Ametzagainako aintzinako arrastoen inguruko xehetasunetatik abiatzen da eta Larratxoren eraldaketa irudikatzen duten argazkiek ixten dute liburua.
Tartean, XVIII. mendean Altza nolakoa zen, herritarrak nola bizi ziren eta demografian zein aldaketa izan ziren kontatu du Juan Carlos Morak liburuan. Karlistadetan izandako abenturak ezagutu eta 36ko Gerran hil zuten Pablo Landa Iribarren ibilbidean araka daiteke, halaber. Ubako ermitan izan diren aldaketak deskribatzen ditu Angel Calvok, bestetik.
Kirolak badu liburuan lekua. Hala nola, Herrerako krosaren xehetasunak eskaini ditu Antxon Segesek. Manuel Arrietaren lorpenak dituzte gogora ekarri dituzte, eta Raul Perezek Juantxo Kokak pilotari egindako ekarpena laburbildu du.

