Aurten ere Kontxan bustiko dira
Fortuna Kirol Elkarteak eta Tximistarri Waterpolo taldeak ohiko ‘Gabon Kontxapuzoia’ antolatu dute abenduaren 25erako. Jasotako dirua Gipuzkoako Esklerosi anizkoitzaren elkartearentzat (ADEMGI) izango da. Kontxan izango da ekimena, 12:00etan.
“Urtero Donostiako badian elkartasun bainua antolatzen dugu, Gabonak era berezian ospatzeko”, diote antolatzaileek. Ospakizuna amaitu ostean, garaikurrak banatuko dituzte, 400 metroko distantzia burutzen duten lehenengo emakume eta gizonei.
Izen-ematea Kontxako erlojuetan egiteko aukera egongo da, 11:30etik aurrera, 10 euroren truke. Fortunaren web orriaren bidez ere egin daiteke izen ematea.