"Presoen eskubideak errespetatzea besterik ez dugu eskatzen"
Josune Dorronsoro, Lurdes Iturriza eta Juana Zumalde, presoen senideak.
Sakabanaketa politika pairatzen duten hiru senideek Trinitate plazan bihar antolatuko duten gunera hurbiltzeko deia egin dute.
Atsekabea irakur daiteke Josune Dorronsoro, Lurdes Iturriza eta Juana Zumalderen begietan. Donostiako hiru presoren senideak dira; Jose Mari Dorronsoro egiatararraren arreba, Groseko Aratz Estonbaren ama eta Igor Suberbiola amaratarraren ama, hurrenez hurren. Euskal presoak eta haiek maite dituztenak txikitzen dituen politikarekin amaitzeko premiaz mintzatu dira.
Nola deskribatuko zenituzkete senideetatik urrun bizitutako urte hauek?
Lurdes Iturriza: Urte beltzak izan dira. Inguruan elkartasuna sentitu arren, gainditzen zaituen zerbaiten aurka egin behar duzu. Seme bat nola eramaten duten ikusi ostean, hurrengo okerrena hura hiltzen ikustea izan behar da.
Josune Dorronsoro: Atxiloketa kolpe latz bat da; ezin duzu sinetsi halakorik gertatzen ari zaizunik. Inkomunikazioa datorrela badakizu eta tortura arriskuaz beldur zara. Une horietan, nekez har dezakezu arnasa.
Juana Zumalde: Gerora, horrekin bizitzen ikasi behar duzu.
Euskal presoen egoera hobetze aldera, zer aldarrikatzen duzue?
Zumalde: Indarrean dagoen legedia ezar dezaten nahi dugu. Sakabanaketa ETA eta bere ingurua deitzen dutenaren aurkako neurria da eta horrekin amaitu beharra dago.
Iturriza: Epaiketa justuak egitea nahiko genuke.
Dorronsoro: Neurri ilegalak hartzen ari dira; esaterako, 197/2006sententzia –Parot doktrina izenez ezaguna– ezartzen ari dira nolanahi.
Nola bizitu duzue dispertsioa?
Zumalde: Karga bat da, batez ere familiarra. Gauza asko aldatzen dira, eta bizitza horren inguruan egituratu behar duzu.
Iturriza: Bizitza goitik behera aldatzen zaizu, eta gainera, jakina, badauzkazu beste seme-alaba batzuk, lan egin behar duzu… Vis a visak lan egunetan izatea ere gerta daiteke, eta moldatzeko zailtasunak izan ditzakezu.
Dorronsoro: Eta arlo ekonomikoari dagokionez, hobe da kontuak ez egitea, zeren eta bestela…
Zumalde: Batzuetan ezin dugu Parisera bisitan joateko hegazkin txartel merkerik aurkitu, eta semea bera gaizki sentitzen da, bera ikustera joateko asko gastatu dugula badakielako.
Egungo egoerak itxaropenik piztu al du zuengan?
Zumalde: Bat ere ez. Ez dut uste okerrera egingo dugunik, baina hobekuntza txikienak ere kosta egingo du. Bakarrik ikusi beharra dago orain arte eraman duten politika; estatu espainiarrak ez du negoziaketarik onartzen. Presoen hurbilketa emango balitz ere, inertziagatik emango litzateke.
Iturriza: Ez dugu inongo konfiantzarik. Zigor luzeenak dituztenen egoera hobetuko dela pentsatu nahi dugu, baina batek daki.
Dorronsoro: Ez dute onartu nahi Euskal Herrian dagoen gatazka, eta presoak euren truke-txanpona dira.
Nola ikusten duzue nazioarteko eragileen parte hartzea?
Hiruak: [aho batez] Nahitaezkoa da.
Zumalde: Espainia ez da Europako erakunde isolatu bat eta agian presio batzuk eragina izan dezakete. Dena den, ez dago hala izango denik dioen ezer.
Dorronsoro: NBEko edo Europako beste erakunde batzuetako jendearekin elkarrizketatu izan garenean zur eta lur geratzen dira, gazte batzuk kartzelan zergatik dauden ulertu ezinik. Surrealista da; euskal presoen portzentaia handia auzi politikoengatik dago espetxeratuta. Otegi da jomugan dagoena, adibide bat da, baina oraindik kasu larriagoak ere badaude.
Egin Dezagun Bidea ekimenaren baitan, Santotomasetan ere jarduerak antolatu dituzue, Trinitate plazan.
Dorronsoro: Bai, 10:00etan zabalduko da eta denetarik egongo da: trikitilariak, bertsolariak, Donostiako presoen omenezko ekitaldia, barra, txotx-a eta baita Deskontrol eta La Pop´lla taldeen kontzertuak ere.
Urtarrilaren 7an, berriz, Bilbon herri-mobilizazioarako deia luzatu duzue.
Dorronsoro: Bai, eta bertan jendetza biltzea espero dugu; baina horretaz gain, urte osoan zehar laguntza ematea zein garrantzitsua den azpimarratu nahiko genuke. Donostian azken ostiralak suspertzen ari gara, balkoietan banderolak jartzeko dei egin dugu, Parot doktrina ezarrita duten senideekin lanean aritu gara, baita preso gaixoen alde ere. [Uneotan, bi preso donostiar gaixo daude etxean: Juan Jose Rego eta Belen Gonzalez.]
Iturriza: Ez dugu jendea edo erakundeek egun bakar batean laguntzea nahi. 100.000 lagun Bilbora joatea oso ondo legoke, baina egunero kalean hogeita hamar lagun egotea oraindik eraginkorragoa litzateke.
Dorronsoro: Azken buruan, jendeari jarrera humanitarioa eskatzen diogu; presoen eskubideak errespetatzea besterik ez dugu eskatzen.
Zer eskatuko diozue urte berriari?
Iturriza: Aurrerapausoak.
Zumalde: Neurri errepresiboen malgutzea.
Dorronsoro: Urtarrilaren 7an Bilbon elkar ikustea eta hortik abiatuta, jende gehiago mugitzea.



