Pausoakeko partaideek beraiek ekoiztutako produktuak saldu dituzte gaurko azokan. (Argazkia: Mikel Goñi)
Kutxaren Ekogunean kokatuta dagoen Goienetxe Fundazioaren ekimeneko barazkiak izan dira salgai azokan;
ekimeneko partaideek, begiraleek eta familiek hartu dute parte txistorraren festan.
Santo Tomas eguna bihar izanik ere, jaiarekin bat ez egitearren, asko dira bere ospakizunak aurreratzen dituztenak. Esaterako, Goienetxe Fundazioaren Pausoak proiektua da txistorra, barazki eta txapel gehien biltzen dituen festa aurreratu duenetako bat.
Kutxaren Ekogunearen lurretan dauka Pausoakek bere egoitza, eta bertan ospatu dute, gaur, Santo Tomas eguna. Adimen urritasuna duten pertsonekin lan egiten dute programa honetan, nekazaritza jarduerak garatuz. Baratzeak, berotegiak, oilategiak eta produktuak sailkatzeko, apaintzeko zein kontserbak egiteko guneak osatzen dute Pausoak.
Aurreko guztia dela-eta, Santo Tomas eguna aproposa da Goienetxe Fundazioak kudeatzen dituen Garaguneetako beste erabiltzaileekin eta familiekin biltzeko. Pausoakeko partaideek ekoiztutako barazkiak, jasotako arrautzak eta prestaturiko kontserbak salgai jarri dituzte. Erosteko moduan egon dira beste Garagunetako eskulan tailerretan egindako bitxiak ere; eta baita, bere dendatxoetako bidezko merkataritzako produktuak ere.
Altzako Nekane Prieto Zugastik senitartekoei eta gerturatutako lagunei Pausoaken barazkiak saltzen eman du goiza. “Salmenta oso ondo joan da, eta saltzea gehien gustatzen zaidana jatea gustatzen zaidan bera da: barazkiak”. Altzatarrak ez du mokadutxoa egiteko aukera galdu, eta tortilla eta txistorra pintxoen zaporea ere goraipatu du. Dena den, atzoko azokan kuttunen izan duena pertsonak izan dira. “Jendea oso atsegina izan da, eta oso ondo moldatu gara”.
Betetzeko postua
Baina, Santo Tomas azoka salmenta gunea baino askoz gehiago da Pausoak proiektuaren inguruko komunitatearentzat. Hilaren 23an oporrak hartuko dituzten arren, atzokoa baliatu ohi dute urtero urte amaierako agur moduan. Bertako arduradun Izaskun Osak azaldutakoaren arabera, familiek oso ondo erantzuten dute. “Etortzeko gonbitea egiten diegu eta asko dira hona azaltzen direnak”.
Familiek, begiraleek eta partaideek denak batera egoteko aukera aprobetxatzen dute, ezagutzeko eta kontu txikiak elkarri kontatzeko. Aurten, esaterako, aldundiak finantzatzen dituen 40 postuetako bat hutsik dagoela jakinarazi dute Pausoakeko arduradunek, lehenbailehen bete dadin.
Horrelako albisteen artean, Pausoakeko partaideek biharko dituzten planak ere entzun ahal izan dira. Osaren arabera, “gehienak donostiarrak dira eta beraientzat egun handia da hau”. Hori dela-eta, bihar lanaldi intentsiboa izango dute, “nahi duena, gero, Parte Zaharrera joateko”.
Musikak, jolasek eta jaiak osatzen dute gaurko egunaren egitarau zabala
Festa ekimenen ondorioz, Gipuzkoa plazako autobus zerbitzuetan aldaketak izango dira.
Meteorologia zerbitzuek laino potolo eta euritsua jarri dute Donostiaren gainean gaurko iragarpena osatzeko garaian. Santo Tomas egunean ohikoak diren txapelek eta artilezko galtzerdiek laguntza ederra emango diete festa zaleei. Izan ere, ekimenen segidak gustu gehienetarako eskaintzak barneratzen baititu.
Egunaren erakargarri handienetakoa den Felixi txerria ikusgai izango da Konstituzio plazan jaia hastekoa den unean bertan, hau da, 10:00etan.Udalak, Groseko Santo Tomas Batzordeak eta beste hainbat eragilek erromeriak, rock kontzertuak, jolasak, bertsoak eta beste hamaika saio eta emanaldi antolatu dituzte.
Jaiak Gipuzkoa plaza hartuko duenez, udalak jakinarazi du bertatik pasatzen diren autobusen geralekuak lekualdatuko dituela 07:00ak eta 21:00ak artean. Donostia Busen zerbitzuen kasuan, 14 eta 37 lineek Askatasunaren hiribidean izango dute geltokia; 16ak eta 18ak, berriz, Okendo kalean.
EGITARAUA
Parte zaharra eta Erdialdea
10:00-20:00. Txistorra, talo eta abarrekoen salmenta Konstituzio plazan, Okendo plazan, Gipuzkoa plazan, San Juan kalean, Bretxan, Sarriegi plazan, Trinitate plazan eta Bulebarrean. Felixi txerriaren erakusketa, Konstituzio plazan. Abere erakusketa eta txorimalo lehiaketa, Okendo plazan eta ezti lehiaketa, Bretxan.
11:00-19:00. Artisautza merkatua. Bulebarrean, Elkano eta Txurruka kaleetan.
11:00-13:30. Euskal Herriko txistorra lehiaketa, Gipuzkoa plazan.
11:00-19:00. Haurrentzako tailerra, Ikasi taloa egiten! Txurruka kalean.
11:30. Kalejira trikitilariekin, Gipuzkoa plazatik abiatuta.
12:45. Postu dotoreena, barazki eta fruitu nahiz txorimalo lehiaketen sari banaketa, Bulebarreko kioskoan.
13:00. Bertso saioa, Bulebarreko kioskoan; Ainhoa Agirrezaldegi eta Iker Zubeldia.
13:30. Gorka eta Eider Zabaleta anaia-arrebaren kantaldia, Bulebarreko Kioskoan
16:30. Haur festa. Herri kirolak Zuloaga plazan.
16:30. Des-kontrol taldearen kontzertua, Trinitate plazan.
18:00- 19:00. Euskal dantza: Muxikoak taldearekin, Bulebarreko kioskoan.
18:00. La Pop’lla taldearen kontzertua, Trinitate plazan.
19:00. Karrika Antzerki Taldearen Hau ez da Kalkuta antzezlana Antzoki Zaharrean, 10 euro.
19:30ean. Erromeria Ansorregi, Larrañaga eta Lutxurdiorekin, Bulebarreko kioskoan.
Gros
10:00. Festaren hasiera Txofre enparantzan.
10:45. Zurriolako Ikastolako ikasleen kantujira, trikitilariek lagunduta.
11:00. Haur tailerrak Groseko haurtxokoak eta gaztelekuak zuzenduta.
11:45. Trebeskaren euskal dantza ikuskizuna Txofren.
13:00. Bertso saioa.
13:30. Kantu jira auzoan barrena, Txofre enparantzatik.
13:30. Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia.
14:30. Saralegi anaiak; Iparraldeko jokuak eta harri jasotzailea.
15:30. Xalbala erromeria.
18:00. Erraldoiak eta buruhandiak.
19:00. Erromeria, Trakets taldearekin.