Haizeak eraman ez duen jaia
Astegunak, euriak, haizeak… ezerk ezin du Santo Tomas zaleen grina gainditu. Azokaren jai giroak Parte Zaharreko, Erdialdeko eta Groseko kaleak bete ditu.
Julian Urkiola – Ezti lehiaketako epailea
Zaparradek eta haize boladek ez ditu festazaleak kikildu. Donostiarren bi jai maiteenak hilabeteko epean izaten dira, urtearen bi muturretan egon arren. Horregatik, eguraldiari jaramonik egin gabe, baserritar jantzi eta kalera irten dira ehunka lagun Parte Zaharrean, Erdialdean eta Grosen. Tarteka-marteka zaparrada arinen bat egin du, eta horrek aterkien koloreekin bete ditu jaiaren guneak. Hotzari aurre egitea ere erraza izan da, merkurioa gehiegi jaitsi ez baita; haizeak, berriz, ez du atsedenik eman. Ufadak izan dira oztopo nagusiak. Zenbait postutako afixak eta oihalak dantzan jarri, eta haiek menderatzen lana izan dute batzuek.
Derrigorrezko geltokia, Konstituzio plaza izan da. Jaiaren erregina bertan izaten da, eta askorentzat, bera ikusteak erromesaldia merezi du. Huts egin ez dutenen artean Juan Karlos Izagirre alkatea. 11:00ak inguruan, plazan barrena zebilen; baina ez dio goitizenari ohore egin, txapelik ez baitzeraman buruan. Begirada guztien jomuga izan arren, patxada ederrean eman du eguna Felixi-k. Arabieraz hitz egiten zuen turista talde batentzat eszena guztiz bitxia izango zen hura… Lastozko ohean etzanda, Arroko zerramak inguruan pilatu direnei erreparatzen ez ziela zirudien. Ohiko elkarrizketen artean, bi lagun zerrama urtero bera zen ala ez eztabaidatzen zebiltzan. Antza, ez zekiten, edertasun lehiaketen moduan, urtetik urtera erregina aldatzen dutela.
Felixi-k argazki asko bete baditu ere, gaurkoan, inoiz baino lehia gehiago izan du zerramak. Okendo plazako animalien erakustaldian, 1.580 kiloko zezenak jakin-min handia piztu baitun. Martuteneko Abere harategiko animaliara begira-begira zebilen haurretako batek hausnarketa burutsua bota dio amari: “Zaila izan behar du hori paseatzea!”. Beste batek, berriz, ondokoa: “Urte berekoak gara, baina nik baino 1.500 kilo baino gehiago pisatzen du!”. Pottokak, basurdeak, astoak… ikusi baino, beste batzuek Okendoren estatua gainean korrika ibiltzea nahiago izan dute.
Festa, lana eta aldarrikapena
Gainerakoan jaiaren gidoia betikoa izan da: sagardoa, txistorra eta taloak nonahi. Horiek eskuratzeko ilara luzeena pilatu dutenak Goierriko talogileak izan dira. Segura, Lazkao eta Ataungo postuetan minutu dezente itxaron behar izan dute. Adi ibili eta Leitzakoengana jo dutenek, berriz, minutu gutxitan lortu dute mokadua. Trinitate hori atsegin ez arren, huts egiten ez dutenak badira. “Ez zait txistorra gustatzen, baina oporretan gaudela aprobetxatzen dugu”, argitu duen Hernaniko Asier Elustondok. Oporrik izan ez dutenak, postuetan lanean aritzea egokitu zaien gazteak dira. Kimika fakultateko Jasira Navasek makina bat txistorra ogitarteko banatuta zituen eguerdirako. “Ondo saltzen ari gara, lagunak, senideak, ikaskideak… etorri dira. Egun luzea izango da”. Ahaleginari esker bildutakoarekin bidaia egin ahal izatea espero dute ikasleek. Lana izan du ere Gabiriko Antoni Murgiondok. Ez da damu, barazki eta fruitu salmenta onaz gain, jada ohikoak dituen sariak ere eraman baititu etxera. Hiru, hain zuzen ere.
Aldarrikapenak bere tartea izan dute festan. AHTa, errauste planta, Altza XXI… hainbat egitasmok beren postua jarri dute santotomasetan. Animalien eskubideen alde egiten duen Askekintza-Liberaccionek pintxo beganoak oparitu ditu, Felixi-ren ondoan. Egin Dezagun Bidea egitasmoak, aldiz, hiriko presoen omenezko egitaraua prestatu du Trinitate plazan. Eguerdi partean inguruko kaleetan bertso doinua entzuten zen, eta plazako karpa jendez lepo zegoen. Gaztelumendi anaiak, Jon Maia, Amets Arzallus eta Xabier Silveira entzun ondoren, sagardoa banatu, eta presoen aldeko topa egin dute. Ekimenak, ordea, egun osoan luzatu dira.