Fermin Muguruza, Lou Reed eta David Bowieren filmak izango dira Dock of the Bay jaialdian
Zinema ez ezik, zuzeneko musika ere ekarriko du, Rafael Berrio eta Audience taldearena, besteak beste.
Iazko musika dokumental onenen hautaketa ekarriko du Dock of the Bay jaialdiak hirira. Estreinatu gabeko zortzi filmek osatzen dute jaialdiaren programa, tartean, Fermin Muguruzaren ‘Next Music Station: Morocco’ dokumentala. Muguruzaren lanak Espainiako musika dokumental onenaren saria irabazi zuen, Bartzelonako aurtengo In Edit 2011 jaialdian. ‘Day of Our Lives’ izeneko filmean Queen taldearen ibilbidea omenduko dute. Hain zuzen hogei urte dira Freddy Mercury hil zela. ‘Talihina Sky: The Story of Kings of Leon’ lanak AEBetako taldearen historia ekarriko du pantaila handira. The Clash taldeko Joe Strummer ere izango da programazioko izarren artean. Granadara egin ohi zituen bisiten inguruko ‘Quiero tener una ferretería en Andalucía’ dokumentala proiektatuko dute-eta. ‘The Sacred Triangle: Bowie, Iggy & Lou’ lanak, berriz, hiru artisten arteko harremana aztertuko du. ‘The Black Power Mixtape’, ‘Toots and the Maytals-Reggae Got Soul’ eta ‘Last Days Here’ izango dira Antzoki Zaharrean eta Trueba zinema aretoan emango dituzten beste filmak.
Jaialdia hasi baino lehen, zuzeneko musika emanaldiak antolatuko dituzte. Urtarrilaren 8an Audience taldeak Antzoki Zaharrean joko du, eta ‘Amerikanuak’ diskoa aurkeztuko du. Urtarrilaren 12an, berriz, Gazteszenan izango dira John Doe eta Rafael Berrio. Slim Cessna’s Auto Club Bukowskin izango dira urtarrilaren 14an.
