Gorenera iristeko bidean da
Europako Txapelketan hirugarren postua lortu du Ainhoa Olarra golf jokalariak Espainiarekin; irailetik errendimendu handiko kirolari gazteei zuzendutako Madrilgo ikastegian prestatzen ari da.
Andoaingo Goiburu elkartean izan zuen golfarekin lehen harremana Ainhoa Olarrak (Gros, 1995). «Egun batean, zazpi urte nituela, anaia eta gurasoekin golfean jolastera joan nintzen, probatzeagatik. Gustatu egin zitzaigun eta klubeko bazkide egin ginen», azaldu zion Olarrak Irutxuloko Hitzari, 2011ko otsailean. Ordutik ibilbide polita osatu du gazteak, hainbat txapelketa irabaziz. Azken berriak, ordea, Madril aldetik ekarri ditu. Izan ere, irailetik, Blume izeneko errendimendu handiko kirol ikastegian dabil Olarra. Eta nolatan? Berak egindako eskaerari esker: «Nirekin normalean lehiatzen duten neskak Blumen zeuden dagoeneko. Eskaria bidali nien eta onartu egin ninduten». Bere esperientzia berriari buruzko xehetasunak eman dizkio egunkari honi.
Orain arte Blumen bizitakoa gogorra egiten ari zaion arren, gustura dagoela dio Olarrak. «Hasieran pixka bat gogorra egin zitzaidan, baina orain hobeto nabil, gustura». Edonola ere, egunak «luzeak» egiten zaizkiola onartu du Grosekoak. «Zazpietan jaikitzen naiz, eta zortzietatik hamaikak arte batxilergoko eskolak izaten ditut. Gero, golf entrenamendua izaten dut. Egoitzan bazkaldu ostean, hiruetatik bost eta erdietara berriro eskola izaten dut, eta seietatik zazpi eta erdietara entrenamendu fisikoa egiten dut. Gero, afaldu egiten dut, eta ikasten jartzen naiz». Azken batean, entrenamenduak eta ikasketak uztartzeak bere zailtasuna baduela dio Olarrak. «Gogorra da zortzietatik ikasten jartzea, eta eguna oso luzea izaten da».
Esan bezala, Bluma, errendimendu handiko kirolariei zuzendutako gunea da. Olarrak azaldutakoaren arabera, bera barneko ikaslea da, eta berarekin batera golfean jokatzen duten beste 11 neska-mutil daude. Guztiak ere laugarren DBH eta batxilergoko bigarren mailaren arteko ikasketak egiten ari direnak. Edonola ere, golfekoez gain, hainbat kiroletan aritzen diren gazteak daude Madrileko egoitzan: judoa, hockeya, piraguismoa, atletismoa… «Golfekoek ikasketekin uztartu behar izaten dugu kirola, baina kirolari guztiei ez diete ikasketa maila berdina eskatzen. Adibidez, nire gelan halterofilia egiten duten 21 urteko mutil batzuk daude».
Etorkizuna lasaitasunez
Gaztea den arren, dagoeneko ibilbide oparoa osatu du Olarrak golfean. Duela bi urte sekulako denboraldia osatu zuen eta hainbat garaipen eskuratzeko gai izan zen: Espainiako heldu eta jubenil mailetako lehiak irabazi zituen; British Openeko final laurdenetara iritsi zen; Espainiako Bikote Mistoetako Txapelketa irabazi zuen; eta Lau Nazioetako Txapelketa ere poltsikoratu zuen. Horren ostean, iazko denboraldia ez zen hain oparoa izan Groseko gaztearentzat. Hala ere, helburu garrantzitsu bat lortu zuen, Espainiako selekzioarekin 18 urtetik beherakoen Europako Txapelketan parte hartzea, eta hirugarren postuan geratzea. «Oso gustura nago lortutakoarekin, gainera, oso lehia dibertigarria izan zen», dio pozik.
Etorkizun hurbilean ikasketei garrantzia ematen jarraitu nahi du Olarrak. «Datorren ikasturtean ere Blumen jarraitzea espero dut. Gero ez dakit Ameriketara joango naizen, Madrilen geratuko naizen edo etxera itzultzea erabakiko dudan». Azken batean, argi duena, behintzat, datorren denboraldirako nahi duena da: «2011ean baino pixka bat hobeto aritu nahi dut». Gabonetako oporraldia Donostian pasatzen ari da, eta larunbatean berriro joango da. Hala, urte berriari indartsu ekiteko asmoz, Alacanten txapelketa bat jokatuko du laster. Gorenera iristeko bidean da gaztea.

