"Hitanoa erabiltzen da, baina gainbehera egin du"
Eneko Garaialde – Itzultzailea eta irakaslea
Urteekin ‘toka’ eta ‘noka’ aritzeko ohitura galtzen joan den arren, hika nola hitz egin ikasi nahi dutenen kopurua hazi egin da azken boladan. Hauen nahiari erantzunez Bagerak hitano ikastaroa antolatu du.
Igarako Maramara taldeko Eneko Garaialde (Hondarribia, 1975) izango da Bagerak antolatutako 30 orduko ikastaroaren irakaslea. Saioak elkarteak Puion duen egoitzan egingo dituzte astearteetan eta ostegunetan, 18:15etik 20:15era bitartean. Izena emateko 943-467181 telefono zenbakira deitu edo idazkaritza@bagera.net helbidera idatzi behar da, asteartea baino lehen. Egun horretan bertan hasiko den ikastaroak 80 euroko kostua du, 50 eurokoa Bagerakideentzat.
Ikastaroa nori zuzenduta dago?
Batez ere, euskaraz ondo egiten duen jendeari, EGA duena edo, izan gabe, euskaldun zaharra dena; euskaraz ondo egin eta aritzeko ohitura duena.
Zer ikasiko dute partaideek?
Hitanoa nola azaltzen den, zein muga morfosintaktiko dituen, harreman sozio-afektiboetan nola eragiten duen, euskalkien irregulartasunak… Gramatikalki aztertuko dugu, baina mintzamenari eta erabilerari begirakoa da. Teoria ikastearekin batera, zein egoeratan erabili eta nola erabiltzen dugun ikusiko dugu. Aditzaren aspektu guztiak ikusiz, baina baita izenordainari nola eragiten dion ere. Askotan pentsatzen da aditza bakarrik dela, baina izenordainari ere eragiten dio.
Mugak eta harreman sozio-afektiboak aipatu dituzu, zein garrantzia dute?
Tradizionalki joera edo ohitura batzuk izan dira. Lekuaren arabera ez dira horren zurrunak izaten, baina mantendu egiten dira. Hitanoa hurbiltasuna adierazteko tratamendua da. Beraz, errespetuzkoa erabili behar denean ez da erabiltzen. Hau da, adineko jendeari ez zaio hika egiten, ezta gurasoei ere. Egun, muga horiek aldatzen joan daitezke, eta batzuek uste dute beste garai bateko kontuak direla.
‘Toka’ eta ‘noka’ egiteko ohitura galtzen al doa?
Hitanoa erabiltzen da, baina gainbehera egin du nabarmen. Herri batzuetan erabiltzeko ohitura handia dago, baina horietan ere agerikoa da gainbehera doala, batez ere, gazteen artean. Erabiltzeko ohitura galtzearen ondorioz, tradizioan izan ez diren erabilerak etorri dira, akatsak edo irregulartasunak.
Hitano liburuak, ikastaroak, berriz, ugarituz doaz…
Garai batean hutsune handia zegoen. Euskara ikastoletan irakasten hasi zen, Euskaltzaindiak euskara batua arautu zuen, telebista eta irratiak hasi ziren… baina hasieran oso nabarmena zen hitanoa ez zela erabiltzen. Lehengoan ikus-entzunezkoen itzulpengintzan aritu den lagun batek esaten zidan berari oso arraroa egiten zitzaiola bakeroek elkarren artean hitz egitean zuka aritzea. Pixkaka sartzen hasi da, eta egia da, orain beharra ikusten dela. Ritxi Lizartzak ikastaro mordoska eman du, eta beste toki batzuetan ere egin dira.
Internet bidezko ikastaroekin hasi berri zarete.
Lehen ikastaroa martxan dugu, gure debuta, eta astelehenean beste bati ekingo diogu. Nik uste dut hizkuntzak ikasteko askoz hobea dela aurrez aurreko ikastaroa, baina oso lanpetuta dagoen jendearentzat aukera da.
Zergatik da hobea aurrez aurrekoa?
Mintzamena lantzeko denbora gehiago dago, zalantzak unean argitu ditzakezu, taldean ikastean errazago jartzen zara harremanetan, eta ikaskideekin hika aritzeko ohitura hartzen duzunez, ikastarotik kanpo ere egiteko aukera gehiago duzu. Gainera, taldean biziagoa eta dibertigarriagoa da.
Euskararen Nazioarteko Eguneko Mintzodromoan ere bere tokia izan zuen.
Tartea egin zitzaion hitanoari eta 20-25 bat lagun elkartu ginen. Jende askorentzat erakargarria da, askotan esaten baita euskarak ez duela lagunarteko erregistrorik, eta hitanoa horretarako bidea da. Hutsunea betetzeko tresna da. Askok jakin badakite, bizitza guztian egin dute hika, baina telebistan-edo ikusi dute beste modu batera egiten dutela. Haiena etxean egiten dutena baino hobea dela pentsatzen dute, eta haiek bezala egiten ikasi nahi dute. Jendeak behar edo nahi hori badu.
Donostian zein osasun du hitanoak?
Ni ez naiz donostiarra, eta ez dakit garai batean zer ohitura egongo zen, baina iruditzen zait oso gutxi egiten dela. Herri txikietan, Gipuzkoa erdialdean esaterako, dezente mantendu da.

