
Jose Luis Kortak eta Julian Iantzik nor baino nor jardun zuten saioaren aurkezpenean. (Argazkia: Mikel Goñi).
Hostoil ekoiztetxeak ‘El conquistador del fin del mundo’ saioaren denboraldi berria aurkeztu du Konstituzio plazan; arreta bereganatzeko sokatira proba egiteaz gain, ‘El conquistador del Aconcagua’ programarako lehiakideak ere eskatu dituzte.
Prentsa aretoaren,telebista platoaren eta probalekuaren nahasketa bitxia izan zen atzo Konstituzio plaza. ETB-2 kanalak ematen duen El conquistador del fin del mundo saioaren aurtengo edizioa aurkezteko gunetzat aukeratu zuten bere arduradunek. Era berean, Julian Iantzi saioaren aurkezleak eta Jose Luis Korta partaideak gunea aprobetxatu zuten sokatira deman nor baino nor aritzeko.
Igandean, hilaren 8an, hasiko dira telebistan ematen beste urteetan audientzia handia eta lehiakide donostiarrak izan dituen telebista saioa. Berrikuntzak ere izango dituela iragarri zuten atzoko prentsaurrekoan, horien artean Korta ezagunaren alderdi ezezaguna. Arraun entrenatzaileak azaldu zuenez, «ez Korta, ezta Kortatxo ere, pertsona guztiz berria; pentsa ezazue, etxean telebistari entxufeak kenduko dizkiot».

Sokatira dema izan zen Iantzi eta Kortaren arteko kalapita irudikatzeko bidea. (Argazkia: Mikel Goñi).
Saioaren beste edizioetan pantailaratu den Korta eta Iantziren arteko norgehiagoka Parte Zaharraren bihotzera eraman zuten. Ibarrako sokatira taldeak atondutako probalekuan jardun zuten bi gizonek, saioaren lantaldeko kideak eta gerturatu ziren hainbat ikusle lagun izan zituztela. Dema, ordea, besarkada eta irribarreekin bukatu zen.
Donostiatik Aconcaguara
Dagoeneko grabatzen bukatuta dagoena aurkezteaz gain, beste programa baterako lehiakideak bilatzeko aukera aprobetxatu zuten atzo. Izan ere, El conquistador del Aconcagua-rako parte hartzaileak hautatzeko casting-a Donostiara iritsiko dela gogora ekarri baitzuten.
Aurkezle nafarrak ikusle donostiarrei
erronka bota zien
irutxulo.hitza.eus gunean ikus daitekeen bideoan. Hiriko biztanleen harrotasuna ukitzeaz gain, Iantzik hautatua izanez gero esperientzia gogoangarrien promesa egiten zuen grabaketan.