Udal langileak zabor artean miatzen aritu direla salatu du PSE-EEk
Poltsa ordu eta leku okerrean sarri uzten dutenak zeintzuk diren jakiteko, «gainetik begiratzen» aritu dira
Herritarrek zaborra behar den lekuan eta orduan botatzen dutela ziurtatzeko eta, bide batez, ohitura txarrak baztertzen joateko ekimena du Udalak abian. Egitasmoaz arduratzen diren udal langileek, ordea, mugak gainditu dituztela salatu du Denis Itxaso PSE-EEko zinegotziak. Izan ere, zaborra bere lekuan utzi ez dutenak nortzuk izan diren jakiteko, zakar poltsak ireki eta datu bila zaborra arakatzen aritu direla kontatu du. Behin eta berriz oker ari direnak zeintzuk diren jakiteko udal langileak zaborra «gainetik begiratzen» aritu direla baieztatu du udal gobernuak.
Hondakin artean topatutakoarekin ez direla bizilagunengana joan, zehaztu dute, halaber. Udal langileek horretarako eskumena dutela diote, era berean. Hondakinak begiratu edo arakatzeko xedea bizilagunen jokabidearen arrazoia ezagutzea dela argitu du udal gobernuak.
Loiolako Erriberako pare bat bizilagunen kexaren berri izan du PSE-EEk. Itsasoren hitzetan, «haietako batek bota nahi zuen zabor poltsa bilketa pneumatikoko ahoan sartzen ez zela ikusita, ondoan utzi zuen. Bada, udal langileetako batek zabor poltsa ireki eta arakatu ostean, topatu zuen ordainagiri bateko datuak baliatu zituen bere etxera joan eta zaborra bere lekuan utzi behar zuela esatera».
Bizilagunak harrapatu nahi izateko jarrera horrekin ez dago PSE-EE konforme. Gehien birziklatzen den inguruko hirietako bat Donostia den arren, sentsibilizazioa indartzearen aldekoak dira. Jarrera horrek, baina, bizilagunen intimitatearen aurka egiten duela gaineratu du Itsasok. Horregatik, udal langileei zein agin du eman zaien eta datu pertsonalak babesteko zein irizpide jarraitzen diren jakin nahi dute.


