Kontzertua emango dute Napoka Iriak eta Physis versus Nomosek
Harrobia Zuzen musika egitarauaren barnean arituko dira Eibarko bikotea eta bakarlari donostiarra
Harrobia Lantzen musika ekimenari esker, abian da aurten ere Harrobia Zuzen musika egitaraua. Datorren ekitaldia urtarrilaren 13rako antolatu dute, Dokan, eta bertan, Napoka Iria eta Physis versus Nomos arituko dira zuzenean, 20:30ean. Finean, Euskal Herriko musika eszena sustatzea du helburu gisa egitasmoak. Aurreko denboraldian, bost kontzertu antolatu zituzten, eta guztiak Dokan izan ziren. Bigarren denboraldian ere, topagunea eta helburua berbera izango dira.
Bi talde, bi estilo
Napoka Iria taldea, bi musikari eibartarrek osatzen dute. Jendaurrean grabatutako lan berria kalean du taldeak, Lehertarazi edifizioak (Bonberenea, 2011). Gitarra elektriko bat, akustiko bat eta ahotsen ohiko dantzekin arituko dira. Physis versus Nomos, berriz, Beñat Antxustegi musikari donostiarraren bakarkako egitasmoa da. Zartada eta Ferekaren Artean lana aurkeztuko du bertan.
