Azpiegiturak Stop herri ekimenaren egitaraua abian da
“Gipuzkoako azpiegitura lan handiak geldiarazteko eta gizarte eredu desberdin baten beharra aldarrikatzeko” abian jarri dute Azpiegiturak Stop herri ekimena. Oarsoaldean, Debagoienan eta Tolosan ez ezik, Donostian ere hainbat jarduera antolatu dituzte. Lehena, larunbatean, Kortxoenea gaztetxean egingo dute. Pablo Sastre idazlea ariko da solasean 19:00etan. Urtarrilaren 18an, Okendo kultur etxean Gorka Menendezek hitzaldia emango du ‘Gas fracking’ izenburupean. Elkarretaratzea ere egingo dute, Udal batzar aretoan, urtarrilaren 26an. Urtarrilaren 27an Kortxoenea gaztetxean ‘Borroka sozialak eta eztabaida’ hitzaldia emango dute Iñaki Urrestarazuk eta Ekai Txapartegik, 19:00etan.
Otsaila arte luzatuko da jarduera egitaraua. Okendo kultur etxean, otsailaren 2an, Zubietako kartzela izango dute hizpide Cesar Manzanosek (Salhaketa) eta Jose Maria Larrañagak (Arrats), 19:00etan. Parte Zaharreko Rekalde tabernan, berriz, antzerki emanaldia prestatuko dute. Iñaki Cendrerok ‘A punto de ebullicion’ antzezlana eskainiko du otsailaren 3an, 21:30ean.Otsailaren 4an manifestazioa egingo dute Donostian; Bulebarretik irtengo dira 17:30ean.