Askaltzeko, urdaiazpiko ogitartekoa eta fruta
Hamabostean behin bokatak banatuko dituzte hiriko ikastetxe batean; Katalina Erauson hasiko dira
Txokolatezko opilak eta croissantak baztertu eta ogitartekoetara bueltatzeko ekimena jarri dute hiriko hainbat eragilek abian. Udalak babestutako Zure motxilan… Egunero bokata berria egitasmoaren bitartez, askari «goxo, osasuntsu eta merkeagoak» sustatu nahi dituzte.
Bazkari eta afari artean mokadutxo bat jatea zein onuragarria den ohartarazteko, ogitartekoak banatuko dituzte hamabostean behin hiriko ikastetxe batean. Datorren asteartean, hilaren 17an, hasiko dira Katalina Erauso ikastetxean. Ikasturtean zehar hamar ikastetxetatik igaroko dira eta 10.000 bokata banatuko dituzte, denera. Eskola bakoitzean 600 ogitarteko banatzeko asmoa dute.
Barrenetxe okindegi kateak, Super Amarak, Delta taldeak, On Estrategiak eta Comunicamelok bultzatutako proiektuak elikatzeko ohiturak aldatzea du xede. Argi dute horretarako Internet eta sare sozialak baliatzea ezinbestekoa dutela. Honela, web atari (www.unbocatacadadia.com) «parte hartzaile eta erakargarria» egiten ahalegindu direla jakinarazi du On Estrategiako gerenteak, Koldo Gomezek. Txorizo ogitartekoaz asperturik daudenentzat, proposamen eta errezeta berriak aurkeztuko dituzte web atarian. Izen handiko sukaldariek, era berean, beren ekarpena egingo dutela eta ogitarteko irudimentsuak egiteko ideiak emango dituztela azaldu dute.
Sendagilearen aholkuak
Ideia honen jatorrian, osasunarekiko kezka dago. Eman dituzten datuen arabera, azken 15 urteotan euskal haurren gizentasun indizea hirukoiztu egin da.
Egunetik egunera, gainera, kirol gutxiago egiten dute eta horrek etorkizunean bihotzeko gaitzak eta bestelako gaixotasunak izateko arriskua nabarmen handituko duela ohartarazi du Arantza Lopez-Ocaña sendagileak. Opil industrialak ogitarteko, fruta eta esnekiengatik ordezkatzeak, beraz, sasoi betean egoten lagun dezakeela azaldu du. Hain justu, orain arteko ohiturak nola aldatu ez dakitenentzat edota beste edozein zalantza argitu nahi duenarentzat aholkuak eman eta plazaratzen diren kezka guztiei erantzungo die Arantza Lopez-Ocaña sendagileak webgunean. Web atarian ez ezik, Facebook, Tuenti eta Twitter saretan kontuak egin dituzte, proposamenak lau haizetara zabaldu eta gaztetxoengana heltzeko.
Ogi kontsumoa handitu
Hala nola, herritarren artean errotuta dagoen beldurretako batekin amaitu nahi dutela adierazi dute. Izan ere, egitasmoaren helburuetako bat ogi kontsumoa handitzea da eta horretarako ogiak gizentzen duela dioen ustea desegin nahi dute. Gainera, Barrenetxek egindako ikerketa baten arabera, egunero ogi baten herena jatea izango litzateke osasungarriena eta eguneroko kontsumoa laurden batera ez dela heltzen jakinarazi dute.
Urte hasieran abiarazi duten egitasmoarekin, beraz, ogitartekoak askariko errege bilakatzea nahi dute. Ikasturtea amaitu bitartean eman dituzten pausoak neurtzeko, zenbait inkesta eta ikerketa xume bat egingo dutela aurreratu dute.
