Aurrekontua onartzeko PPren babesa ez dutela izango dio Gomezek
Autobus geltokiaren proiektuari berehala ekin behar zaiola adierazi du, «Atotxan bada ere»
Ramon Gomez PPko bozeramaileak Bilduk udal gobernua gidatzen egin duen lanaren balantzea egin du eta orain arteko dinamikarekin ezin dela segi adierazi du, «guztiak berdin-berdin jarraitzen duelako ala okerrago». Udal aurrekontuarekin, gainera, ezkor da, «zirriborroaren oinarriak azaltzera bulegora hurbildu ere ez direla egin», zehaztu du. Aurrekontua onartu ahal izateko, Bilduk PPren babesa ez duela izango aurreratu du, gainera.
Autobus geltokia Loiolako Erriberan egiteko bi alderdiek zuten adostasuna, halaber, indarra galtzen ari da. PPren lehentasuna proiektuari berehala ekitea dela esan du, «Atotxan bada ere». Argi utzi du, era berean, azpiegiturak aurrera egiten ez badu, ez dela PPren errua izango.
Autobus geltokiak bakarrik ez, beste hainbat proiektuk geldirik jarraitzen dutela salatu du udal taldeko bozeramaileak. Osoko bilkuretan eztabaidatu eta hitz egin asko egiten dela, erabaki, aldiz, gutxi egiten dela dio. Udal gobernuaren ekarpen nagusia zirku eta animalien inguruko erakude adierazpena izan dela erantsi du, «donostiarren kezka nagusi», esan du ironikoki. Udalbatzak hartutako erabakiak Bilduk ez dituela betetzen kritikatu du Ramon Gomezek, era berean.
Langabezia, turismoaren jaitsiera, babes ofizialeko etxebizitzak… Irtenbidea behar duten erronka ugari dituela hiriak eta udal gobernuak zein erantzun emango duen argitu gabe jarraitzen duela aditzera eman du Gomezek.