Bi donostiar AEBetako txapelketa onenean lehiatuko dira
Egiguren eta Oiarbide puntistek Orlandoko Citrusean parte hartuko dute, hilabete honen bukaeran
Estatu Batuetatik berri pozgarria iritsi da Donostiara. Izan ere, Donostiako bi puntista hautatu dituzte bertako txapelketa garrantzitsuena jokatzeko. Mikel Egiguren aietearra eta Jose Ramon Oiarbide dira zehazki hautatutako jokalariak, Orlandoko Citrus Tournamentean parte hartzeko.
Txapelketa urtarrilaren 27an eta 28an jokatuko dute, zortzi bikotek. Egigurenek Hernandezekin jokatuko du, eta Oiarbidek, berriz, Solozabalekin. Momentuz jokatuko duten zortzi bikoteetatik zazpiren izenak dira ofizialak. Hamar puntuko kiniela bakar batera jokatuko dute, zortzi bikoteak kantxan txandakatuz. Tantoa egiten duenak jokatzen jarraitzen du, eta galtzen duena kaiolara joango da.