Estatuak Jon Anzaren desagertzean zerikusia duela berretsi du Alkizak

Garbiñe Alkizak, Jon Anza errefuxiatu zenaren senideak, epailaren aurrean deklaratu zuen atzo. 2010eko martxoaren 11n Anzaren gorpua agertu eta hiru egunera egin zen manifestazioan segurtasun indarrak iraindu izana leporatu dio fiskalak. Hamalau hilabetetan zehar egunero sei euroko isuna ordaintzeko eskaera egin du fiskalak; 2.500 euro, denera. Alkizak adierazi zuenez, familiaren salaketak «oinarririk ez» duela eta funtsean haien «iritzia» dela esan die fiskalak. Jon Anzaren senideak, berriz, «Estatuak eta Guardia Zibilak Jon Anzaren desagertzean zerikusia dutela» berretsi zuen.
Epaiketa «onartezina» dela salatu eta Jon Anzaren familiari elkartasuna adierazteko, agerraldia egin zuten atzo Intxaurrondoko bizilagun eta lagun talde batek Egiako justizia jauregiaren aurrean.
Eguerdi aldean atera zen Garbiñe Alkiza epaitegitik. Akusazioaren lekukoak –Ertzaintza– eta Jon Anzaren familiak aurkeztutako lekukoak parte hartu zuten epaiketan. Bertan, 2010eko martxoaren 14ko manifestazioko irudiak eta mobilizazioaren amaieran Alkizak egindako adierazpenak jasotzen dituen bideoa erakutsi zuten.
Epaileak eta fiskalak egindako galderak erantzuteari uko egin ziola azaldu zuen Alkizak epaitegiaren atarian. Familiaren abokatuak egindako galderei erantzun ziela eta epailearen aurrera eraman zuten lehenengo aldian esandakoa berretsi zuela zehaztu zuen: «Estatuko indarrek eta Guardia Zibilak zerikusia dutela Jon Anzaren desagertzean». Abokatuaren eginbide eta ikerketak aintzat hartuz ondorio hori atera dutela esan zuen.
Egia argitzeko eskatu dute
Epaituak izan diren Jon Anzaren senideei babesa eskaintzeko Intxaurrondoko hainbat bizilagun eta adiskide hurbildu ziren Egiako epaitegira. Egia jakin nahi dutela jakinarazi zuen. Hain justu, Garbiñe Alkiza «egia eskatzeagatik» epaitzen ari direla esan zuen Anzaren familiari elkartasuna adieraztera joan zen Asier Gonzalezek. «Gerra zikina izan dela pentsatzeagatik» epaitzen ari direla zehaztu zuen. Bizilagun taldearen ordezkariak, era berean, Jon Anzaren auzia «gerra zikinaren beste adierazpen bat» izan dela baieztatu zuen.
Benetan zer gertatu den argitzeko, baina, «borondate politikorik ez» dagoela jakinarazi zuen Gonzalezek. «Egia ezkutatzeko ahaleginean aritu dira eta horretan ari dira», jakinarazi zuen.
Aro politiko berria zabaldu den arren, «benetako demokrazia egoera ezagutzeko, herritar ugarik jasan duten jazarpenaren egia osoa jakitea eta onartzea beharrezkoa» izango dela nabarmendu zuen