Balliache eta Sargam artisten margolan eta eskulturekin irekiko du erakusketa berria gaur Ekain arte galeriak

Sargam eta Miguel Balliache artistak Ekain Galerian, euren lanetako batzuk atzean dituztela (Argazkia: Estitxu Zabala)
En un idioma extranjero erakusketak Miguel Balliache eta Sargam (E. Bagazgoitia) artisten lanak elkartu ditu. Izenak badu bere zentzua, biak ere atzerrian jaiotakoak baitira, Balliahe Venezuelan (1973), eta Sargam, Madrilen (1969). Odola, ordea, euskal herritarra dute, euren sendiak partea baitu bertan. Zehazki, Balliacheren aita venezuelarra den arren, ama donostiarra du, eta bera ere Donostian bizi da 2003tik. «Caracesen jaio nintzen, eta Venezolarra naiz, baita euskalduna ere», dio Balliachek. Gainera, Zumeta margolariaren iloba da. Sargamen amaren aldeko familia ere euskalduna da, eta bera Oiartzunen bizi da azken 21 urteetan. «Hemen bizitzea erabaki dut, bertakoa sentitzen naizelako», dio Sergamek. Ekain Arte Lanak galeriako erakusketa berria gaur irekiko dute, 19:30ean, eta otsailaren 14a bitartean egongo da zabalik, doako sarrerarekin. Beraien ibilbideaz eta erakusketaz hitz egin dute
Irutxuloko Hitzarekin.
Ikasketei begira, esan daiteke Sargamek argiago zuela hasieratik nondik bideratu nahi zuen bere ibilbidea. Arte Ederretako ikasketak egin baitzituen Bartzelonan. «Betidanik margotu izan dut, nire ama margolaria baita; txikitan ahizpa eta biok askotan izaten ginen amaren estudioan». Bere koadroetan bereziki akrilikoak erabiltzen ditu, eta marrazkietarako, berriz, tintak, akuarelak eta grafitoak erabiltzen ditu gehien.
Balliachek, berriz, arkitektura ikasketak egin zituen Venezuelan, baina beti plastikan aritu da lanean, eta bere lehen erakusketa ofiziala 1992an zabaldu zuen. «Hamar bat urte daramatzat plastikan; eta eskultura eta pinturaz gain, bitxigintzan ere aritutakoa naiz. Barrukoa kanporatzek tekniken bila aritzen naiz». Edonola ere, arkitektura ikasketak lagungarriak izan zaizkiola onartzen du. «Unibertsitatean nengoela plastikako taldean sartu nintzen eta hori da ni naizena. Gauza askoren aurka borrokatzen duzu, eta azkenean benetan zarena izaten bukatzen duzu. Arkitekturak hezkuntzarako balio izan zidan, baina beti izan naiz artista plastikoa. Bere lanetarako, bigarren eskuko materialak erabiltzen ditu, kalean aurkitutakoak izan daitezkeenak. «Emausera, zabortegietara edo txatartegietara jotzen dut. Erabilitako materialetan lenguaia bilatzen dut, bakoitzak bere historia du eta kontatu nahi dudan diskurtsoan laguntzen didate», azaldu du Balliachek.
Ekainek batu ditu
Bi rtistek ez zeukaten elkarren berri, Ekaineko Rita Unzurrunzagak batu zituen arte. «Ritak elkarrekin erakusketa bat zabaltzeko proposamena egin zigun; eta oso erraz egin dugu lan elkarrekin, oso ikuspen bertsuak baititugu gure unibertso pertsonalen inguruan», argitu du Balliachek. Hala, ekaineko bisitariak oso lan «pertsonala, intimoa eta egin berria» topatuko duela zehaztu dute. Zehazki, erakusketako eskulturak Balliacherenak dira, eta margolanak, berriz, Sargamenak. Aurreratu dutenez, gaur artelan bat zozketatuko dute bisitarien artean.
Erakusketa: ‘En un idioma extranjero’
- Zer. Miguel Balliache eta Sargam artisten elkarlanetik sortutako erakusketa. Margolanak eta eskulturak. Guztiak salgai egongo dira.
- Non. Parte Zaharreko Ekain Arte Lanak galerian. Iñigo kalea, 4.
- Noiz. Otsailaren 14a arte. Asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era, eta 17:30etik 21:00era.
- Sarrera. Doan.