Ohitura zaharrak eta tresna berriak
Amara Kirol Elkartearen danborradak danbor berriak ditu aurten; nahiz eta aurrekoen bizitza luzea berdintzea zaila izango duten, soinu gaztetuak Uztaritzetik urtero datorren txarangaren laguntza izango du jaiari bizipoza emateko orduan.
San Sebastian egunari, danborraren eguna deitu ohi zaio, bera baita jaiaren protagonistetako bat. Danborradek urte asko izatera iristea bilatzen badute ere, pozik hartzen dute perkusio instrumentu berria eskuratzen duten eguna.
Aurten, besteak beste, Amara Kirol Elkartearen danborradak estreinatu ditu danbor berriak. Izan ere, ordezkatutako aleak erabilgarri izan baitira urte askoan. Talde honetako kide Xabier Altunak azaltzen duenez, aurrekoek jabe bat baino gehiago izan dute. 1988. urtean, DYAren danborradari erosi zizkion Haritza elkarteak.
Epaileek 2005ean Haritza itxi ondoren, Amara Kirol Elkartea eta bere danborrada sortu zituzten, eta, kideak ez ezik, danborrak ere jaso zituzten. Kontua areago doala dio Altunak, «zaharrak ez ditugu botako; auzoko jai batzordeari eman dizkiogu festetan erabiltzeko».
«Zaharrak eta txikiak. Agian, berriak zirenean soinu ona aterako zuten». Horrela deskribatu ditu Altunak tresna zaharrak, bere kideak erosi berriak kaxetatik atera dituzten bitartean. Beste urteetan danborrari ibilitakoak aho zabalik gelditu dira, eta «lehengoen bikoitza dira» bezalako esaldiak bota dituzte etengabe. Aurrekoek iraun zutenera iristea nahi badute, kontu handiz tratatu beharko dituzte
lehen egunetik. Hori dela eta, arduradunak jarraibideak ematen hasi dira. «Gaur tinkatu eta horrela mantendu San Sebastian eguna pasatu arte». Era berean, Altunak jakinarazi die danborrariei jantzi bakoitzari danbor bakarra dagokiola, norberak bere tresnaren kargu har dezan.
Soinu ezin hobea izango dute, beraz, Amara Kirol Elkartearen gizon eta emakume danborrariek; bi aste hauetako entseguetan huts egiten ez badute, behintzat. Gainera, Altunak azaldu duenez, «gure txaranga berezia da, San Sebastian egunean Iparraldeko txaranga bakarra, Uztaritzetik (Lapurdi) baitator».