Kresala Zinekluba berrituta itzuliko da astelehenean
Denboraldiko lehen saioan, Gorka Merchan donostiarrak ‘La casa de mi padre’ filma aurkeztuko du
Kresala Zineklubak berriro altxatuko du oihala astelehenean. Iazko abenduaren 26an ia lau hamarkadatan astelehenero filma eta solasaldia antolatu duten fundatzaileek proiektua utzi zuten. Aro zaharra bukatu arren, partaideek egitasmoari “gero arte” besterik ez diote esan. Izan ere, Zineklubeko lau kide zaharrek eta hiru kide berrik joandakoen lekukoa hartu baitute, astero astero, Arrasate kaleko Kutxa aretoa zinemazaleen txoko bilakatzen jarraitzeko.
Garai berriari ekin arren, estatuko zineklub zaharrenetakoak orain arteko ardatzei eutsiko diela azaldu zuen lehendakari berria den Alberto Arizkorretak. “Filmak kalitatezkoak, jatorrizko bertsioan, Donostian estreinaldia direnak, zineman ikusten zailak, eta 35 mm-tan proiektatuta”. Betekizun horiekin batera, ordea, solasaldia indartu nahi dute arduradunek, argi baitute hori dela filma etxean ala zineklubean ikustearen arteko aldea.
Profesionalen eta zaleen filmak
“Balio erantsia” indartzeko apustua bi modutan gauzatuko dute. Batetik, profesionalak gonbidatuko dituzte beraiek lan egindako ekoizpenak aurkez eta defenda ditzaten. Horren adibide, asteleheneko filma,Gorka Merchan zinemagileak La casa de mi padre lehen lana aurkeztuko baitu. Kopia berezia da gainera, Arizkorretak azaldu baitzuen, Euskadiko Filmotekak utzitakoa 35 mm-tako bakarra dela. Merchanen bideari jarraituz, Josean Goikoetxea musikaria, Karmele Soler makillatzaile donostiarra… ere izango dira hastera den denboraldian. Bestetik, zinekluba “donostiarrei zabaldu” nahi dute, hiritar ezagunei gustuko dituzten filmekin gauza bera egin dezaten eskatuz. Hala, otsaileko emanaldietako bat Donostia Turismoko zuzendari Manu Narvaezek aukeratutako pelikula proiektatuko dute.
Euskal zinemari ere lekua egin nahi diote. Horretarako euskal filmak berriro estreinatu edo amaitzear dauden aurre estreinaldia zineklubean egiten saiatuko direla zehaztu zuen Arizkorretak. Halaber, euskarazko filmak sustatzeko ahalegina egingo dutela ere baieztatu zuen. Berritasunez gain, urria hilabete berezia izango dela aurreratu zuten arduradunek; urriaren 19an, Kresala Zineklubak 40 urte beteko baititu.
Emanaldirako sarrerak 4 euro balio ditu, baina Nosferatu zikloko txartela dutenek nahiz Kresala elkarteko bazkideek, 3 eurotan eros ditzakete. Era berean, denboraldi osoan erabilgarri izango den 10 film ikusteko txartela 30 eurotan salduko dute.