Antiguo-Landetxe haur eskolaren ateak ireki dituzte, 40 toki berri ekarri dituela
Martxoan hasteko izena emateko epea datorren astelehenean hasi eta hilaren 27an, ostirala, itxiko dute
Neguko oporretatik bueltan ireki dute Antiguo-Landetxe haur eskola. Astelehenean abian jarri bazuten ere, atzo inauguratu zuten udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren arduradunak bertan zeudela. Azpiegitura berriak ahalbidetuko dituen 0 eta 2 urte arteko 40 toki berrietarako izena ematea –102 toki ditu orotara– datorren astelehenetik egin ahal izango da.
Antiguo-Landetxe haur eskolak Antiguako eta Aieteko bi zentro ordezkatuko ditu. Honen erakusle da jatorriaren araberako taldeak mantendu izana, eskolaren arduradunek diotenez, «haurrak aldaketara errazago molda daitezen».
Haurreskolak Partzuergoko kide da Benta Berri plazaren goiko aldean dagoen Antiguo-Landetxe. Horrek esan nahi du bere arduradunak Eusko Jaurlaritza eta Donostiako udala direla; eta, honenbestez, bertako kide izateko baldintza guztiak betetzen dituela, bai hezitzaileen formakuntzaren aldetik eta baita azpiegituretarako ezarritako betebeharrak ere. Hala, 897 metro koadroko azalera du eskola berriak, bi solairutan banatuta, 102 tokirekin. Hain zuzen ere, Antiguako Montpelierreko gazteen apartamentu eraikineko soto eta lehen solairuak hartzen ditu.
Bi solairu eta gela ugari
Bi solairuetan egoteak txikiak adinka izatea ahalbidetzen du. Hiru gelatan banatuta, urte bete arteko 24 haurrentzat tokia izango da sotoan, eta izenak eman dezakeenaren kontra, argitsu bezain zabala da gunea.
Malda batean eraikita dagoenez, bai sotoak eta baita beheko solairuak kalera ematen duten ateak dituzte. Bestalde, bietako altuenean, helduenak izango dira. Hauetarako 6 gela sortzeaz gain, bulego aldagelak eta beste zerbitzuetarako guneak egin dituzte. Kasu honetan ere, argia nagusi da areto gehienetan.
Haurrengan eta hezitzaileengan pentsatuz egindako azpiegitura izanik, umeek erabil ditzaketen komun eta konketak ikus daitezke, eta baita tamaina txikiko altzari eta jostailuak ere. Hezitzaileen arabera, gehienak eskola zaharretatik ekarritakoak dira, hau ere, aldaketak haurrengan «ahalik eta eragin txikiena izan dezan».
Donostiako, eta zehazkiago, Aiete
ko eta Antiguako haurrek eskola «duina» izateak poztu egiten duela esan zuen Naiara Sampedro Gazteria eta Hezkuntza zinegotziak. Udal ordezkariak Partzuergoarekin sinatutako protokoloak horrelakoak izatea eskatzen duela adierazi zuen ere. Montpelierreko hezkuntza baliabide berriak euskara hutsez funtzionatuko duela ekarri zuen gogora; hau da, D ereduko zentroa izango dela.
Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren ordezkari Julen Bengoetxeak ere parte hartu zuen ekitaldian, Antiguo-Landetxeko «ume guztien hezkuntza beharrak asebeteko» dituen zentroa osatu izana espero zuela esanaz.
Zentro berriak orain arteko Antiguo eta Landetxe haur eskoletako umeak eta hezitzaileak bildu ditu. Baturak, eraikin berria ekartzeaz gain, beste berrogei bat erabiltzailerentzako tokiak ekarri ditu. Hori dela eta, arduradunek inaugurazio ekitaldia baliatu zuten izena emateko epea gogora ekartzeko. Datorren astelehenean, hilaren 16ean, irekiko dute izena emateko epea eta bi astez, hau da, hilaren 27ra arte, mantenduko dute irekita.