Garai bateko emakumeen lanbideak ere ordezkatuko dituzte haur danborradako karrozan
“Astebete baino ez da falta Donostia Eguna iristeko” esanez hasi du haur danborrararen aurkezpen prentsaurrekoa, Nerea Txapartegi udaleko kultura arduradunak. Haurrez inguratua zegoen Txapartegi, beraiek izango baitira urtarrilaren 20ko goizean, begirada guztiak bereganatuko dituztenak. Zozketak hala erabakita, Easo Ederra, Jenerala eta gainontzeko pertsonaiak Deutsche Schuleko kideek ordezkatuko dituzte, hala, beraiek izango dira danborradako desfilea itxiko dutenak, euren karrozarekin. Berrikuntzak, ordea, ez dira faltako, eta prentsaurrekoan ikusteko aukera egon den moduan, aurten pertsonaia gehiagok jantziko dute karroza. Izan ere, Txapartegik argitu duen moduan, 1813ko hiria irudikatzen dute donostiarrek urtez urte, eta hori kontuan izanda, antzinako emakumeen lanbideak ere ordezkatuko dituzte, lau bikotek: batelariak, urketariak, inudeak eta iruleak.
Danbor Nagusia, berriz, txandakatuz aukeratzen dute urtez urte, irteera ordena kontuan izanik. Eta aurten Errekalde Gastronomi Elkarteko Josu Gomezi egokitu zaio kargua.
Guztira, haur danborradan 45 ikastetxek parte hartuko dute, baina aurten ere horietako zazpi ikastetxek bina konpainia izango dituztenez, 52 konpainiek osatuko dute desfilea. Hala, haur danborradan 7.400 haur inguru bilduko direla kalkulatu dute.
Aurkezpena, urtarrilaren 18an
Haur danborradaren aurkezpen nagusia urtarrilaren 18an egingo dute, baina aurreko urteetan bezala Gaskan izan beharrean, Viktoria Eugenia Antzokian egingo dute. “Aurten antzokiak 100 urte betetzen ditu eta guztiek elkarrekin zorionak zuri abestuko diogu”, azaldu du Txapartegik. Oihulari Clown taldea izango da aurkezpena bideratuko duena eta 2016ko kultur hiriburuaren inguruan aipamenen bat ere egingo dutela aurreratu dute.