"Polita izango da Napoka Iria bezalako talde batekin aritzea"
Iker Gurrutxaga eta Beñat Antxustegi: Musikariak
Musikazaleak dira Beñat Antxustegiren koadrilan, eta hainbat talde sortu dituzte; Physis versus Nomos izenpean, bakarlari bezala dabil, Iker Gurrutxagaren Laguntzarekin
Harrobia Lantzen musika ekimenak abian jarri du Harrobia Zuzen musika egitaraua, bigarren urtez . Gaur izango da denboraldi berriko bigarren ekitaldia, Dokan, eta bertan, Napoka Iria bikote eibartarra eta Physis versus Nomos donostiarra arituko dira zuzenean. Physis versus Nomoseko protagonista nagusia Beñat Antxustegi (Ulia, 1989) da, bere bakarkako lanean oinarritua baitago. Hala ere, kolaboratzaile askoren laguntza izaten du eta bereziki Iker Gurrutxagaren (Gros, 1985) lana goraipatu du. Biekin bildu da Irutxuloko Hitza.
Hasteko, nondik dator Physis versus Nomos izena?
Beñat Antxustegi (B. A.): Nire aita filosofoa da eta bere gaztetako oharren artean topatu genuen izen hori. Izenaren bila genbiltzan eta lagun bati hori gustatu zitzaion. Grekoa da eta Physisek naturaren legea esan nahi du, eta Nomosek, berriz, gizartearen legea. Beraz, natura legearen aurka izango litzateke. Horrelako gauzak gustuko ditudalako hautatu nuen izena.
Eszenatokian bakarrik izaten zara?
B. A.: Bai. Orain arte hamar kontzertu inguru eman ditut eta guztietan bakarrik egon naiz. Gitarra eta ahotsa, besterik ez. Hala ere, ez dut baztertzen aurrerago jende gehiagorekin zerbait txukunagoa prestatzea. Azken batean, diskoak eta zuzenekoak oso desberdinak dira. Diskoan instrumentu asko nahastu genituen, baina zuzenekoak desberdinak egiten saiatzen naiz.
Zartada eta Ferekaren artean izeneko diskoa ekoiztu zenuen iaz, ezta?
B. A.: 2010ean hasi nintzen abesti lasaiak egiten. Hilabetero hilabetero abesti bat igo nuen Internetera eta 2011ko martxoan 12 abestiak bildu eta etxean berriro nahastu nituen. Diskoa osatu eta jaisteko moduan jarri nuen, myspace.com/physisversusnomos webgunean. Gainera, kolaborazio asko izan nituen diskoa egiteko. Zazpi hilabete inguru igaro dira ordutik, eta orain kopia fisikoak egiten saiatuko naiz.
Jaso duzu jendearen erantzuna?
B. A.: Zerbait bai. Oso pozik nago, jendeak gustuko duela dio. Gainera, badut jarraitzaile fin bat, Jokin Albisua, Glaukoma Sound System taldeko gitarrista.
Abestietako hitzak zureak dira?
B. A.: Gurru nire laguna da, eta berak laguntzen dit hitzak egiten. Hitz egiten aritzen gara, abestiak entzuten ditu, eta bere iritzia ematen dit. Batzuetan aldatzen uzten diot eta beste batzuetan ez.
Iker Gurrutxaga (I.G.): Gertu bizi gara, eta gitarrarekin parkera jaisten zenean berarekin egoten nintzen. Hitzak idazten laguntzen nion edo konpainia egiten nion, besterik gabe. Grabaketan ere elkarrekin egon ginen.
Noiztik zabiltzan gitarra jotzen eta abesten?
B. A.: Bederatzi urte nituela hasi nintzen gitarra jotzen, ikastolako musika eskolan, Marijo andereinoarekin, oso andereino ona. Klasikoarekin hasi nintzen, eta gero nire kabuz elektrikoa eta akustikoa ikasi nituen. Lehen Xikinkei taldean ibili nintzen eta abestiak egiten genituen. Xikinkei utzi genuen, eta bakarkako bide honek ez du zer ikusirik.
I.G.: Bakoitzak bere bidea hartu du, bakoitza unibertsitate batean…
Zein musika mota jotzen duzu?
B. A.: Ez zait horretan sartzea gustatzen. Nik folk sikodelikoa deitzea dut gustuko, behin hori proposatu baitzidaten. Dokako kontzertuan folk, rock, pop bezala definitu naute, eta pop horrekin ez naiz batere identifikatua sentitzen. Nik ere ez dakidanez zer egiten dudan egiterako orduan, ez diot garrantzirik ematen.
Abesti guztiak zureak dira?
B. A.: Doinuak egiten ditut, eta hitzak gero gainean jartzen dizkiot.
I.G.: Abesti batzuetan kolaborazioak izan dituenez, horiek ere lagundu diote hitzak zuzentzen.
Zeri abesten diozu?
B. A.: Nire inguruari buruz abesten dut, ikusten ditudan gauzetaz. Guztia nahiko pertsonala da.
I.G.: Fantasia pixka bat ere sartzen duzu.
Dokan zer espero duzu?
B. A.: Jendea animatuko dela uste dut. Gainera, polita izango da Napoka Iria bezalako talde batekin aritzea. Kontzertu dotorea geratuko dela uste dut, ez da ohikoa zuzenekoa izango.
I.G.: Oso zuzeneko sinpleak ditu, gitarra askustikoa eta ahotsa, baina horrek badu bere xarma. Diska askoz landuagoa da.
Zenbat taldetan jotzen duzu Beñat?
B. A.: Zazpitan edo! Koadrilan musika jotzeko elkartzen gara askotan. Denek ikasten dugu eta denek ditugu taldeak. Bakarkakoaz gain dantzaldietarako talde batean nabil, eta gure koadrilako talde berria Txemak izenekoa da. Txemak taldearekin zuzeneko bakarra egin dugu eta ez dut uste gehiagotan arituko garenik, baina Interneten jarri dugu jendeak ikusteko, txemak.bandcamp.com-en. Oso desberdina da.
I.G.: Ondo pasatzeko elkartzen dira eta azkenean abestiak ateratzen dituzte.
Kontzertua, Harrobia zuzen
- Zein talde. Physis versus Nomos eta Napoka Iria.
- Non. Dokan, Errege zain kalea 20, Antigua.
- Noiz. Gaur, 20:30ean.
- Prezioa. Sarrerak 5 eurotan egongo dira salgai.