Txutxin Balda pilotari ohia hil da
Antiguatarra atzo zendu zen, 77 urterekin. Hileta Antiguako elizan egingo dute bihar, 19:00etan. Munduko trinkete txapeldunordea izan zen bi aldiz
Txutxin Balda 15 urterekin jantzi zen lehen aldiz pilotari, eta 42 urterekin hartu zuen erretiroa. Beti aurrelari gisa aritu zen, eta hamaika txapelketa irabazi zuen; tartean Antiguakoa, zortzi aldiz. “Irabazitako txapelketa guztiek ilusioa egiten zidaten, baina Antiguakoa irabaztea, auzokoa irabaztea zen”, adierazi zion 2008an Irutxuloko Hitzari.
Unanue, Arriola IV., Ibargarai, Fagoaga, Arratibel, Salbidea… Pilotari askorekin jokatu zuen Txutxin Baldak Antiguako Txapelketan. 1965. urtekoa zuen gogoan Baldak: “Nirekin jokatu behar zuenak min hartu zuen, eta ordezko batekin hasi nintzen jokatzen. Esan nion lehen partida hura irabaziz gero, berarekin jarraituko nuela bukaera arte, eta txapelketa hura irabazi genuen”.
Antiguan ez ezik, Munduko Txapelketan ere parte hartu zuen: Biarritzen, Iruñean, Uruguain eta Donostian. Ez zuen, ordea, txapelik janzterik izan. Lau txapelketotan txapeldunorde izan zen. Beti afizionatu mailan jokatu zuen Baldak; profesionaletara pasatzeko atea ez zuen inoiz igaro.
Pilota sekula ez zuela utziko esaten zuen. Afizionatuetako txapelketetara joaten jarraitzen zuen, eta hark aukeratzen zituen txapelketako pilotak.