Eusko Jaurlaritzak ez ditu Morlansen eraiki behar zituen 70 etxeak egingo
Eusko Jaurlaritzak Morlansen babestutako 70 etxebizitza altxatzeko asmoa zuen. Aukera horri uko egin diola aditzera eman du, ordea, udalak. Jaurlaritzak igorritako eskutitzaren arabera, bere garaian eskuratutako baimena bertan behera uzteko eskaera egin dute. Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak gogor kritikatu du Etxebizitza sailaren jokabidea. Behin eta berriz hiria gelditzen ari direla leporatzen dietela, salatu du Burutaranek. Hiriaren garapena oztopatzen ari direnak, berriz, jaurlaritzakoak direla kritikatu du.
Jaurlaritzak eta udalak sustatutako auzunea da Morlansekoa. Gasteizko gobernuak 94 etxe banatu ditu salmentan 2010eko Eguberrietan. Alokairuan eskaintzeko beste 70 etxe altxatzen ari dira, eta horiek udararako prest egongo direla aurreikusi du udal gobernuak. Etxebizitza zerrenda horretatik, ordea, kanpoan geratuko dira alokairuzko beste 70 etxebizitza.
Eusko Jaurlaritzak Donostiako Udalari urtarrilaren 10ean bidalitako eskutitzaren bidez, 70 etxe eraikitzeko baimenari uko egin diote. Lanak oraindik ez dituzte abiarazi; lurzoruak, beraz, hutsik jarraituko du, kontrakorik erabaki ezean. Baimenari uko egin baino, beste aukera bat baimena bolada batez bere horretan uztea litzatekeela adierazi dute udal gobernuko ordezkariek. Jaurlaritzak, ordea, nahiago izan du zuzenean bertan behera utzi.
Ricardo Burutaranek, honenbestez, hiria nor geldiarazten ari den zalantzan jartzeaz gain, Jaurlaritzaren aldetik bazterturik daudela salatu du.