Gaur, 19:00etan, izango dira Txutxin Baldaren aldeko hileta elizkizunak
Txutxin Balda 77 urterekin hil zen igandean. Hileta Antiguako elizan egingo dute gaur, 19:00-etan. Bi aldiz munduko trinkete txapeldunorde izandakoak 15 urterekin jantzi zuen lehen aldiz pilotari gerrikoa, eta 42 urterekin hartu zuen erretiroa. Beti aurrelari gisa aritu zen, eta hamaika txapelketa irabazi zuen; tartean Antiguakoa, zortzi aldiz. «Irabazitako txapelketa guztiek ilusioa egiten zidaten, baina Antiguakoa irabaztea, auzokoa irabaztea zen», adierazi zion 2008an Irutxuloko Hitzari.
Unanue, Arriola IV., Ibargarai, Fagoaga, Arratibel, Salbidea… Pilotari askorekin jokatu zuen Txutxin Baldak Antiguako Txapelketan. 1965. urtekoa zuen pilotariak gogoan: «Nirekin jokatu behar zuenak min hartu zuen, eta ordezko batekin hasi nintzen jokatzen. Esan nion lehen partida hura irabaziz gero, berarekin jarraituko nuela bukaera arte, eta txapelketa hura irabazi genuen».
Antiguan ez ezik, Munduko Txapelketan ere parte hartu zuen: Biarritzen, Iruñean, Uruguain eta Donostian. Ez zuen, ordea, txapelik janzterik izan. Lau txapelketotan txapeldunorde izan zen.
Beti afizionatu mailan jokatu zuen Baldak; profesionaletara pasatzeko atea ez zuen inoiz igaro.


