Nazio mailako omenaldia jasoko du
Ezker abertzaleak Jose Luis Alvarez ‘Txillardegi’ren lana eskertuko du Kursaalen
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zenari (1929-2012), nazio mailako omenaldia egingo dio ezker abertzaleak urtarrilaren 29an, Kursaalen. Ez baita txikia izan antiguatarrak Euskal Herriari, euskalgintzari eta euskarari egindako ekarpena. Izan ere, politikari, hizkuntzalari eta idazle bezala defini daiteke Txillardegi. Duela gutxira arte kalera irteten bazen ere, adinaren ondorioz, osasunez ahul zebilen, eta heriotzera eraman zuen. Larunbat eguerdian hil zen, etxean, 82 urte zituela.
Hil kapera Errekaldeko beilategian izan zen, larunbateko 16:00etatik igandeko 15:15era. Ondoren, errausketa familia giroan egin zuten. Larunbata eta igandea bitartean politikako eta euskalgintzako hainbat ordezkari joan ziren azken agurra ematera: Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Jose Austin Arrieta idazlea, Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editorea, Koldo Izagirre idazlea eta Ramon Agirre aktorea, besteren artean. Bere heriotzak hutsunea eta galera handia ekarri dituela adierazi dute dagoeneko Euskal Herriko hainbat alorretako kide askok. Bidea ireki zuela goraipatu dute, eta dagoeneko bere ibilbidearekin jarraitzeko konpromisoa ere hartu dute.
Argi dago, betirako geratuko dela Txillardegiren oinordetza bai Donostian bai Euskal Herrian ere. Hirian ere lan egin baitzuen euskararen alde. Irutxuloko Hitzako kolaboratzailea izan zen, Loretopetik atalerako iritzi artikuluak idatziz. Horretaz gain, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko kidea izan zen, bai bera eta bai bere sendia ere. Hori horrela izanik, Bagerak eskerrak eman nahi izan dizkio: «Bagerak bere esker ona adierazi nahi dio bai Txillardegiri baita bere senitartekoei ere, Bageraren sorreratik eta urte luzez eskainitako laguntza guztiarengatik. Berak utzitako bidea jarraituko dugu Donostia euskalduna lortu arte».
Ondoko etxearen izena
Jatorrizko izen deiturez baino, ezizenez zen ezagunagoa. Bere amona hil zenean, aitonak Tolosa uztea erabaki zuen, oso minduta geratu zelako alarguntzean. Hala, bere aitak 10 urte zituenean etorri ziren Donostiara. Bere aitonak etxe bat eraiki zuen bere emaztearen izenean eta Casa Victoria jarri zion. Etxe hori Txillardegi izeneko etxearen ondoan eraiki zuen, eta hortik hartu zuen ezizena. «Toponimoa da, ez da etxekoa. Ni ez naiz inoiz Txillardegikoa izan. Txillardegikoak Iturriatarrak dira, eta ez gu. Matia kalean zegoen etxea, eta horregatik hartu nuen izen hori. Toponimoa zelako, eta nire ustez, euskal tradizioari jarraituz toponimo hori hartu nuen, eta ez neure izena», azaldu izan zuen idazleak.
Antiguatik Parte Zaharrera joan zen bizitzera Txillardegi. Hala ere, antiguatarra izan zen betiko, «antiguatar gelditu naiz sentimenduz», esan ohi zuen. Horrela uler daitezke berak idatzitako, ‘Antigua 1900’ (1991) eta ‘Santa Klara, gure uharte ezezaguna’ (2004) liburuak.

