Jaia, donostiar erara
Bi urte Donostian eman ondoren, Robert Winterrek huts egitea onartzen ez duen hitzordua du urtero Amara Berri Ikastetxeko danborradarekin.
San Sebastian egunak donostiarrak ez ezik, kanpokoak ere liluratzen ditu. Horren adibide da Robert Winter (Tanger, Maroko, 1941) amerikarra. 1999. urtetik Amara Berri Ikastetxeko danborradan jotzen du, eta horretarako urtero–urtero Ameriketako Estatu Batuetatik etorri ohi da, «baliabideek eta gorputzak» ahalbidetzen dioten bitartean.
Winterrek 1996eko uztailean ezagutu zuen Donostia, Euskal Herriko Unibertsitateko ikastaro bat ematera gonbidatuta izan eta gero. 1997ko otsailean, berriz, hirira etorri zen bizitzera. «Ikusi nuen lehen danborrada 1998an izan zen, Amaran; baina, 19koa besterik ez nuen ikusi 20an, Bartzelonara joan nintzelako kongresu batera» dio donostiarren eran.
Handik gutxira, 1999an, AEBra itzuli zen bizitzera. Hala ere, joan baino hilabete batzuk lehenago, Amara Berriko lagunek danborradan parte hartzeko gonbitea egin zioten. «Erraza izan zen baietz esatea. [Barrez] Ez nekien bizitza osorako konpromisoa izango zenik». Baina Winter ez da damu. «Ez naiz kexu, une honetan, hiria berriro gozatzen ari naizela, ez naiz, kexu».
‘Konsti’n eta Anoetan
San Sebastian egunarekin zerikusia duten bi une nabarmentzen ditu beste guztiak baino gehiago. «Lehena da Konsti-ra [banderaren igoerara] joateko aukeratu nindutenean; oholtza gainean egotea zoragarria izan zen». Bestea, berriz, 1999an bertan izan zen. Egun hartan Anoetan Madrilgo Atleticoren aurka Kopako partida jokatzen ari zen Reala. «Estadiora sartu, eta 22.000 pertsonen aurrean jo genuen, sukaldari txanoa lurrean jarrita».
San Sebastian egunetik gehien maite dituen gauzetako bat lagunekin egoteko, bazkaltzeko eta afaltzeko aukera da. «Eta kanpoko lagunekin etorri naizenean hemengoek bestei ere ireki dizkiete ateak». Jaia bera oso gustuko du du Winterrek, eta donostiarren erara bizi du. «Beti esaten dut festa serioa dela, baina alaia. Ez da inauteria, ohorez ospatzen den zerbait da. Hiria, bere kultura eta historia ospatzen dira».
Dozena bat orduko bidaiaren ondoren iritsi zen Winter Donostiara, astearte arratsaldean. Egunean bertan ekin zien entseguei. «Ondo moldatu nintzen; baina, sufrikario txikia izan zen aurten sartu duten Azpeitiko martxa batekin. Hala ere ez nuen akats askorik egin. Bestela, ohikoak, ondo dakizkit». Izan ere, amerikarrak bere etxean San Sebastian eguneko martxak entzuten baititu. «Entseguen bideoak eta abarrekoak badauzkat etxean. Makilatxo batekin han, eta hegazkinean, entseatzen hasten naiz».
Dena den, Winter danbor jotzailea da Amara Berri Ikastetxeko danborradan. «Ni upelekin hasi nintzen. Danborretan hutsunea zegoen batean eskaini zidaten. Nire familian musikariak daude eta nik pianoa jotzen dut, eta egokitu nintekeela uste zuten». Zailtasun bakarra ikusten du. «Jotzea baino, danborraren pisuari bost orduz eustea zailagoa da».
Kendu eta jarri
Danborradarekin ez ezik, hiriarekin ere maiteminduta dagoela aitortzen du Winterrek. «Hona iritsi nintzen lehen aldian Igeldo ingurutik sartu ginen hirira, ikuspegi hori zoragarria izan zen». Erosoa ere egiten zaio Donostia. «Asko gustatzen zait oinez ibiltzea, eta horretarako primerakoa da hiri hau».
Zerbait kendu egin beharko balu, berriz, zalantzarik ez du amerikarrak. «Tabakaleraren inguruan dagoen eraikin altu hura, Atotxako dorrea».
Kenduko ez lukeena, ordea, bihar gauean hasiko den danborraren festa da, lagunekin egoteko eta «Amara Berri Ikastetxeko danborrada serio bezain alaian» gozatzeko aukera, alegia.




