Haur lapurtuen auzia argitzeko laguntza eskatu diote alkateari
Losa Ocariz sendiko anai-arrebek bere arrebaren arrastoaren atzetik jarraitzen dute. Egia jakin arte bila segituko dutela aitortu dute eta halaxe jakinarazi zioten atzo Juan Karlos Izagirre alkateari, udaletxean egin zuten bileran. Udal taldeek «beste alde batera ez begiratzeko» eta urte luzez «erakundeen babesik» izan ez dutenez, informazioa eskuratzen laguntzeko eta ikerketan laguntzeko eskatu dute. Auzian murgilduta dauden familia guztiei babesa eskaintzeko, halaber, agintari eta erakundeek keinuren bat egitea nahiko lukete. Auzia argitzeko ahalegina itzal ez dadin, elkarretaratzea egingo dute hilaren 27an, 17:30ean, Gasteizko Ama Zuriaren plazan.
Udal bozeramaileek, behinik behin, Losa Ocariz eta haur lapurtuen afera aztertuko dute gaurko batzordean. Udalak, era berean, SOS Ume Lapurtuak Euskadi elkartearen lana bultzatzeko baliabideak eskainiko ditu. Hala nola, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean elkartu eta bilerak egiteko baimena dutela aditzera eman dute. Gainera, bilera handiagorik egin nahi izanez gero, udalbatza aretoa izango lukete erabilgarri. Babes ekonomikoari dagokionez, ordenagailu eta inprimagailu bat erosteko laguntza jasoko dutela zehaztu dute. Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiak, bien bitartean, senideei aholkularitza laguntza eman diezaiela eskatu dio aldundiari, «egia jakin dezaten».
Erakundeen babesarekin batera, herritarrek ere zer esan handia dutela azpimarratu du Losa Ocariz sendiaren izenean hitz egin duen Ceciliak. Bere ahizpa Rebecaren zantzurik duen edonork SOS Ume Lapurtuak elkartera jo ala Poliziarekin harremanetan jartzeko eskatu dute. Lapurtua izan delako susmoa dutenek, halaber, NDA proba egitera bultzatu ditu Cecilia Ocarizek.
Amadeli Diaz SOS Ume Lapurtuak elkarteko Gipuzkoako ordezkariak, berriz, erietxeren batean lan egin duen orori egin dio deia. Irregulartasunik ikusi badute elkartearengana jotzeko eta «umeen salmentatik etekina atera duten medikuak salatzeko», aldarrikatu du.
Ume lapurtuen atzean, horiek saldu nahi izateko beste arrazoirik ez dagoela jakinarazi du elkarteko ordezkariak. Saldutako bost umeren berri badutela adierazi du: «seme edo alabatzat hartutako familiak seme-alaba biologiko gisa hartzen zuen eta horregatik, etxebizitza batek edota bik balio dutenaren adina ordaintzen zuten».
Hamabi eskaera gehiago
Losa Ocariz familiaren kasua ez da bakarra. Egunetik egunera haur lapurtuen afera indar handiagoa hartzen ari da eta salaketa kopurua nabarmen ari da handitzen. Amadeli Diazek Gipuzkoan 320 salaketa jaso direla, baina horietatik berrehun kasu daudela auzitegietan jakinarazi du. Horietatik, %10-15 inguru, probarik ez izategatik, artxibatuak izan direla zehaztu du.
Gorpuzkiak hilobitik ateratzeko eskaerak ere gora doaz. Joan den astean atera zuten Mercedes Ocarizen alabaren hilkutxa Polloetik eta gorpurik ez zegoela plazaratu zuen epaileak. Atzo, Itsasondoko hilerrian aritu ziren ume baten gorpuaren bila baina ez zuten hilotzik topatu. Dagoeneko, Gipuzkoan, gorpua hilobitik ateratzeko beste 12 eskaera daude, Amadeli Diazen esanetan.
Kopuru horrek, dena den, puzten jarrai dezake. Izan ere, SOS Ume Lapurtuak elkarteko Gipuzkoako ordezkariak Donostian 1976. urtean jaio eta 24 ordutan hildako haurren zerrenda osatzen ari direla aditzera eman du eta, Afrikan, %2 ziren bitartean, ospitalean, %30 izan zirela nabarmendu du.


